Lekeitio a
dineko pertsonentzat herri lagunkoi bihurtzeko urratsak ematen
ari dira udalaren ekimenez eta herritarren ekarpen eta parte hartzeari esker. Taldeetan antolatuta, herriaren eta herritarren beharrak aztertu zituzten otsailaren 22an eta martxoaren 15ean Barandiaran Aretoan egindako saioetan, orain, inkesta bat zabalduko dute herritarren iritzia jasotzeko.
Herria adineko pertsonekin lagunkoia izatea adin guztietarako izango dela onuragarria dio udalak, egunerokoan bizitza errazten duen herria izango da eta. Hori dela eta, adin eta alor ezberdinetako eragile eta herritarrak animatu dituzte herria eraldatzeko prozesuan parte hartzera. Barandiaranen egindako ekimenetan, esate baterako,
62 pertsona batu zirela jakitera eman dute. “Aire zabaleko guneak eta eraikinak, garraioa, etxebizitza, sareak eta gizarte-laguntza, enplegua eta partaidetza, errespetua eta gizarteratzea, komunikazioa eta informazioa eta gizarte eta osasun zerbitzuak aztertu zituzten”.
Martxoan egindako Lekeitio Lagunkoia saioa. Argazkia: Lekeitioko Udala
Horiek guztiek bezala ekarpenak egin ahal izateko, inkesta bat jasoko du herritar bakoitzak bere etxean, egunotan. Inkesta udaletxean zein edozein udal eraikinetan entregatu ahalko dira, bai eta
Lekeitio Lagunkoia logoa izango duten
buzoietan ere.
Udal eraikinetan eta buzoiak dauden tokietan, eskuragarri egongo dira inkestak ere, bateren batek ale gehiago beharko balitu etxean jasotzen duenaz gain. Horrez gain, udalaren webgune eta sare sozialen bidez ere zabaldu dute inkesta momentuan erantzunak bidaltzeko.
Maiatzaren 9ra arte egongo da ekarpenak egiteko aukera. “Ondoren ekarpenak batu eta landu egingo dira, eta ekainean emaitzen aurkezpen zabala egingo zaio herriari”. Emaitzen arabera detektatutako arazoei irtenbidea emateko, ekintza plana diseinatuko dute, eta horretarako berriz ere, parte hartze prozesua zabalduko du udalak 2018ko azken hiruhilabetean.