Eguraldi onak animatuta,
272 lagunek egin zuten atzo goizean [apirilak 15]
Artibai Mendigoizale Taldeak antolatutako 53. Ibilaldi Neurtua. Ibiltari askok eman zuten izena azken momentuan Markina-Xemeingo martxarako. 126k egin zuten martxa luzea, eta 146k osatu zuten ibilaldi laburra.
07:30ean abiatu ziren martxa luzekoak Markina-Xemeindik, eta hiru autobus bete jende joan zen Aulestiko Zubero auzora martxa txikia han hasteko.
Ibiltariak, autobusetatik jaisten Zuberon.
Martxa luzekoak bizkor ibili ziren. 2 ordu eta 44 segundotan amaitu zuen 26 kilometroko ibilbide luzea bizkorrenak. Denbora gehien egin zutenak ere, 5 ordu eta 57 segundotan amaitu zuten martxa. Ume eta guraso askok parte hartu zuten, berriz, 10 kilometroko ibilaldi laburrean. 2 ordutan eman zuen Zuberotik eta Markina-Xemeinerainoko buelta bizkorrenak, baina lasai eta bideagaz gozatzen joan ziren gehienak; 4 ordu eta 33 segundotan osatu zuten azkenek martxa.
Balorazio ona. Parte hartzaileek “gustura” ibili zirela nabarmendu zuten amaieran. “Espero baino basa gutxiago aurkitu dugu, gehiena amaieran egon da”, azaldu zuten. Horrez gain, ibilbide polita eta antolakuntza ona azpimarratu zituzten.
53. Ibilaldi Neurtua egiten.
Bezperan markatu zuen
ibilbide osoa Artibai Mendigoizale Taldeak. “Bi taldetan banatuta jarri genituen markak, batzuk Markina-Xemeindik Motrollora eta besteak Motrollotik Markina-Xemeinera”. Martxa egunean ere, talde bat irten zen martxak hasi aurretik markak lekuan zeudela bermatu eta faltan baleude berriak jartzera. Horrez gain, hornidura gune bi jarri zituzten, bata Urriola auzoan eta bestea Santa Eufemiko zelaian, eta horiek ere harrera ona izan zuten, batez ere ibiltari txikien artean.
Santa Eufemi ermitara igotzen.
Azken denbora ezarri, eta
oparia hartu zuten parte hartzaileek amaieran. Markina-Xemein inguruko ibilbideak erakusten dituen
zamau-babesa izan zuten opari. “Azken momentuan jende askok izena eman zuenez, denek ez zuten oparia atzo jasotzerik eduki”, zehaztu dute antolatzaileek. Horiek guztiek hamabost egun barru jaso ahalko dute dagokien oparia Markina-Xemeingo Loirats mertzerian.