Kultura auzoetara ere eraman asmoz,
Auzotu ekimena jarri du abian Markina-Xemeingo Jai Batzordeak, eta lehen ekintza Barinagan egingo da zapatuan [apirilak 21]. Ekintza gehienak herriguneetan egiten direla eta, jaietatik at, auzoetan ere ekimen kultural gehiago antolatzea erabaki dute. Horrela, zapatuan, ibilaldi kultural bat egingo da Barinagara, eta ekintza ezberdinak egingo dira bertan.
16:00etan jarri du hitzordua Jai Batzordeak Goiko Portalean elkartu eta Barinagara abiatzeko. “Urko ibilbidean zehar abiatuko gara musika, antzerki eta jolas desberdinak eginez”, azaldu dute. Guztira
6 kilometro izango dira gutxi gorabehera, Urko ibilbidetik lehenengo eta mendian zehar ondoren. “Bidegorritik San Martinerantz joko dugu eta frontoiaren atzeko partetik jaitsiko gara Barinagara”.
Barinagako San Pedro eliza.
Ibilbide kulturala amaituta, auzoko museoa ezagutzeko aukera egongo da, eta askaria edukiko dute ondoren, parte hartzaileek. Ostean, Klown ikuskizuna egongo da, eta amaitutakoan, denbora librea Barinagatik herrigunerako autobusa hartu aurretik.
Izen emotea. Ekimenean parte hartzeko izena eman behar da aldez aurretik udaletxeko harreran,
eguena [apirilaren 19a] orduko. 16 urtera artekoek 3 euro ordaindu beharko dituzte parte hartzeko eta 16 urtetik gorakoek 5 euro, 0-3 urte bitartekoentzat parte hartzea doan izango da.
“Arratsalde pasa ederra izango da, eta dena ondo ateraz gero, beste ekimen bat antolatuko genuke azarorako”, aitatu dute Jai Batzordekoek. Asmoa, ekimena beste auzo batzuetara ere zabaltzea da.
EGITARAUA
- 16:00. Ibailaldi kulturala: Goiko Portala-Barinaga.
- 18:00. Askaria Barinagan.
- 19:00. Klown ikuskizuna.
- 20:30. Autobusa Barinagatik herrigunera.