Euskadiko Batel Txapelketa jokatuko dute asteburuan
Arabako Legutio herriko estropada eremuak hartuko du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako arraun taldeentzat hain berezia den hitzordua.
Zapatuan 16:00etan hasiko da kanporaketen lehia, eta domekan, 11:00etatik aurrera jokatuko dituzte finalak. 24 klubetako arraunlariek parte hartuko dute bihar arratsaldeko saioan.
Hain zuzen, Lea-Artibaiko taldeei dagokionez, Isuntza Arraun Elkarteak izango du ordezkaritza zabalena. Bost kategoriatan lehiatuko da; nesken ume eta etorkizuneko mailetan, eta mutilen ume, kadete eta gazte mailetan ariko dira lekeitiarrak.
Ondarrutarrek lau batel izango dituzte. Ume eta etorkizuneko kategorietan lehiatuko dira neskak, eta mutilek, ostera, ume eta gazte mailetako kanporaketak jokatuko dituzte.
Bestalde, Artibaik bi batel uretaratuko dituzte. Artibaiko neskak ume eta promesa kategorietan izango dira.
Zapatuan 14:30ean izango da ordezkarien bilera eta bertan txandak eratu eta balizaz zozkatuko dituzte.
Egin beharreko lana. Umeen kategorian, bi luze eta ziaboga bat egin beharko dituzte, 1.000 metroko estropada eremuan. Kadeteek hiru luze eta ziaboga batean lehiatuko dute proba, 1.500 metroko estropada eremuan. Gazte eta senior mailetako batelek, ostera, 2.000 metroko estropada eremua izango dute, eta lau luze eta hiru ziaboga egin beharko dituzte.
Maila bakoitzeko lehenengo lau sailkatuek lortuko dute domekarako txartela. Eta Euskadiko Txapelketan lehenengo hiru postuak lortzen dituztenak sailkatuko dira Espainiako Txapelketara (aurretik hura jokatzeari uko egin ez badiote).