Lea-Artibai Amankomunazgoak 2018ko lehen hiruhileko zabor bilketaren datuak jaso ditu; organikoa sailkatzen hasi zirenetik jaso dituzten lehen datuak dira. Oro har, datuak “oso positiboak” direla esan dute. “Ez bakarrik organikoarenak, gai guztien sailkapenak gora egin baitu. Eta zabor kopurua ere jaitsi egin da”. Rakel Elu Lea-Artibai Amankomunazgoaren presidenteak aipatu duenez, aurreikuspenak betetzen doaz.
Amankomunazgoko ordezkariek azaldu dutenez,
errefusaren jaitsiera izan da azpimarratzekoa; 246.691 kilo gutxiago jaso dira aurten. “Kontuan hartu behar da baita ere, hainbat herritan urtarrilean oraindik organikoa batzen hasteko sistema ezartzen zeudela. Beraz, datu horiek norabide positiboa erakusten dute, eta hobetze bidean doaz”.
Bestalde, bigarren hiruhilekoan zabor sortzaile handiekin lanean jarraituko dutela esan dute Amankomunazgoko kideek. Ikastetxe, taberna, jatetxe eta janari dendekin elkarlanean, konpromisoa handitzen eta emaitzak hobetzen joatea dute helburu.
“Organikoa sailkatzeko erraztasunak jarrita, gainontzeko zaborraren sailkapena egitea errazagoa izan da herritarrentzat, eta konpromisoa handitzen doa”. Halaber, Lea-Artibai ingurugiroaren errespetuarekin kontzientziatua dagoen eskualdea dela dio Eluk. “Orain bide horretan sakondu behar dugu”.