Ilusioz beteta sortu duten proiektua ezagutzera emango du bihar [apirilak 21] goizean Lekeitioko Amandarri Triatloi Taldeak. Talde filosofia, aniztasuna eta parte hartzea bezalako baloreak ditu oinarri taldeak.
Zergatik jarri diozue taldeari Amandarri izena?
Haritz Garate: Herriko inguru ezberdinen izenak begiratzen ibili ginen Martzel liburutegiakoagaz, eta, antza, itsas dikea dagoen zonalde horretan harri bat zegoen. Amanda bukaera da, eta Amandarri, beraz, bukaerako harria. Dikean itsasargia jarri zutenean, Faro de Amandarri deitzen hasi ziren, hortik dator izena. Bestalde, Amandia harrietan dagoen arraina ere ba omen da, eta gustatu egin zitzaigun. Indarra daukan izena da.
Antton De la Lama: Sasoi batean itsasontzi bat ere egon zen Faro de Amandarri izenekoa, eta izen hori berreskuratu nahi izan dugu.
Nortzuk osatzen duzue talde berria?
H.G.: Lagun talde bat gara, eta gure zaletasunak batzen gaitu, triatloiak. Aniztasuna eta parte hartzea oinarri dituen proiektu bat sortu nahi izan dugu gure ilusio guztiagaz.
Momentu honetan zenbat lagun zaudete Amandarrin?
A.D.: Bazkideak izango gara 100 bueltan, eta horietatik lehiatzen gabiltzan federatuak izango gara 25 inguru. Beste guztiak lagunak eta gure proiektuan sinisten dutenak dira. Amandarriko parte izateko ez dago zertan lehiatu beharrik. Bazkide izanda, esaterako, entrenatzeko aukera daukazu, entrenamenduak jartzen zaizkizu zure helburuaren arabera, adibidez, lasterketa herrikoietan parte hartzeko…
H.G.: Ez dago zertan triatloia egin ez eta lehiaketetan parte hartu bazkide izateko. Bakoitzak bere neurrian ondo pasatu eta lagun giro batean kirola egitea da asmoa.
A.D.: Gure baloreen arteko bat hori da, bakoitzak bere burua ezagutzea eta bakoitzak bere buruari exijitzea ahal duen heinean. Norberaren ahalmenaren arabera kirola egitea eta gustatzen bazaizu aurrera jarraitzea da bilatzen duguna.
Triatloi talde batzuek eskolak dituzte. Eskolarik emateko asmorik badaukazue?
A.D.: Guzti hau kirol eskola bihurtzea eta gazteak ere bertan sartzea da daukagun asmoetako bat. Taldean denetarik daukagu: Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua daukatenak ditugu, fisioterapeutak…
H.G.: Denak daude ekarpenak egiteko gogoagaz, bakoitza bere esparruan ahal duena egiten denentzat.
A.D.: Udalagaz ere hitz egiten ari gara, datorren ikasturterako igerilekuan ordu batzuk ea ematen dizkiguten, orduren bat kale batzuk erabili ahal izateko, eta gure eskolak eman nahi dituzten neska-mutilei eskaintzeko.
Antton De la Lama eta Haritz Garate.
Kirol eskola modura zeintzuk dira landuko dituzuen balioak?
A.D.: Kirola hezteko era bat dela sinisten dugu. Ikastetxeetan bezala hezi egiten da kirolean balore berekin.
H.G.: Bakoitzak bere gorputza duela eta denen gorputzak direla ezberdinak, entrenamendu bat ez dela igerilekuan erakusten, aldageletan hasten dela norbere jarreragaz…
A.D.: Horiek gauzak ditugu nahikoa presente, eta pentsatzen dugu, gainera, hortik hasi behar dela. Jarrera batzuk bete behar direla pertsona modura gure gizartean aurrera eramateko, eta kirolagaz lotuta bada, askoz hobeto.
Noiz eratu duzue taldea?
A.D.: Zenbaki eta guzti, orain hilabete eta erdi bueltan. Jendeak gogo handia zeukan martxan hasteko eta gure filosofia aurrera eramateko, eta olatu guzti honen indarra aprobetxatuta aurrera egin dugu. Hemendik aurrera gure ametsetako taldea izango litzatekena aurrera eramateko gogoagaz gaude.
Lehiatzen ariko zareten Amandarriko kirolariok hasi zarete martxan? Parte hartu duzue probaren batean?
H.G.: Duatloi denboraldia egon da, eta hiru-lauk parte hartu dute. Justu triatloiak hasten dira apirilaren 29an Getarian, eta astebururo izango ditugu probak; ordurako arropak ere izango ditugu, hilabete amaierarako ailegatuko zaizkigu. Xenperen egoten den asteburura ere bost talde goaz, euren artean misto bat.
Laguntzarik edo babeslerik badaukazue?
H.G.: Momentuz ez. Taldea lantalde ezberdinetan banatu dugu, eta ekonomiaz arduratuko direnak, laguntzak eskatzeko ardura izango dutenak ere lanean ari dira.
A.D.: Udalari, aldundiari eta inguruko enpresei ere proiektua aurkezteko asmoa badaukagu, eurak edozeregaz laguntzeko prest egongo balira, gure aldetik esku zabalik hartuko genituzke.
Ekitaldi bat egingo duzue zapatuan taldea aurkezteko.
H.G.: Ekitaldi xume bat izango da. 11:30ean batuko gara, karpa bat jarriko dugu Aralde aurrean, eta pare bat bizikleta ere jarriko ditugu, normala eta triatloikoa, bitxikeria modura, herritarrek ikusi ahal izateko. Triatloiari izaten zaion ikara kendu nahi diogu, hiru-lauk egin dezaketen kirolaren itxura hortik aldendu eta herriratu. Bertan edukiko dugu orain arte daukagun materiala ere, igerilekuko txapelak eta kalerako atera ditugun kamiseta batzuk. Triptiko batzuk ere kaleratuko ditugu, gure baloreen berri eman, taldea ezagutzera eman eta etorkizunera begirako egitasmoak azaltzeko. Taldea mundu guztiari zabalik dagoela jakitera eman nahi dugu. Nahiz eta urtean Beobia bakarrik egin, Amandarrin parte izan zaitezke. Taldearen filosofietako bat talde giroa da, lagunartean errazago entrenatzen eta kirola egiten da. Herrian zehar kirola egiten ikusten ditugun neska talde batzuekin ere ari gara hizketan. Esate baterako, euren helburuak Beobia, Lilatoia eta beste lasterketaren bat egitea badira, prestakuntza bideratu ahal diegu eurek taldean entrenatzeko.