Bizkaiko taldekako xake ligako
bigarren mailako txapeldun gelditu da Lekeitioko Jokin Erdozia Xake Taldea, eta garaipen horri esker, lehen mailan jokatuko du datorren urteko denboraldia. Urtarrilaren 13an hasi eta martxoaren 17ra arte jokatu dute norgehiagoka, eta urteko
balorazio oso ona egin du taldeak. Izan ere, taldea lehen mailara igotzeaz gain, taldeko kide Iñigo Solabarrieta ondarrutarrak ere Banakako Txapelketan lehen mailara igotzea lortu duela jakitera eman dute.
Ortuellaren aurka berdintzea nahikoa zuten bigarren mailako liga irabazteko, eta Ortuellak gogor eutsi zuen arren, Jokin Erdozia Xake Taldekoak ez zeuden garaipenari ihes egiten uzteko prest. “Serio jokatu, eta bina berdintzea lortu genuen”, azaldu dute.

Jokin Erdozia eta Ortuella xake taldeak ligako azken jardunaldian. Argazkia: Jokin Erdozia Xake Taldea.
Lehen mailara igota, datorren urtera begira taldea handitu eta bigarren talde bat osatu nahi dutela jakitera eman du Iñaki Leniz Jokin Erdozia Xake Taldeko jokalariak. “Batek lehen mailan jokatuko luke, eta bestea hirugarren mailan jokatzen hasiko litzateke”, zehaztu du.
Momentu honetan hamabi bat jokalarik osatzen dute taldea, baina xakean jokatu nahi duten guztiek ateak zabalik dituztela azpimarratu du Lenizek. Martitzenero 18:00etan kultur etxean batzen direla azaldu du. “Entrenatu eta eskolak ematen ditugu”.
Eskolak eta txapelketak. Txapelketetan parte hartzeaz gain, xake ikastaroak ere eman dituzte taldeko bi kidek aurten. “Monitore titulua atera eta aurtengo ikasturtean Lekeitioko ikastolan irakasten aritu dira”. 60 ume izan dituzte, eta datorren ikasturtean eskolak Lekeitioko Eskola Publikoan ematea dute asmoa.
Bestalde,
Gabon Kopa eta
Txiki Memoriala xake txapelketak ere antolatzen dituzte. Maiatzaren amaieran hasiko da jokoan Txiki Memoriala, eta Galarrenan eman beharko dute izena parte hartu nahi dutenek. “10-15 minutuko partiduak izango dira”. Maiatzaren hasieratik eman ahalko da izena.