Ondarroa-Ondarroa iraupen luzeko
29. martxa antolatu du aurten Markina-Xemeingo
Artibai Mendigoizale Taldeak.
Maitzaren 1ean egingo da Ondarroatik irten eta Ondarroan amaituko den
60 kilometroko ibilaldia. Artibai errekaren ur isurialdea jarraituz, Ondarroa, Berriatua, Markina-Xemein, Ziortza-Bolibar eta Etxebarriko inguruetatik igaroko dira ibiltariak.
06:00etan izango da irteera
Zaldupe futbol zelaitik, eta 14 ordu ondoren amaitzea aurreikusten dute antolatzaileek. Ibilbidean Milloi, Lekoiz, Gontzugarai, Trabakua, Ixua eta San Migel mendateak igo beharko dituzte parte hartzaileek bai eta beste hiru mendi tontor ere: Oiz (1.026m), Urko (795m) eta Kalamua (771m).

Ibiltariak Ondarroa-Ondarroa ibilaldia egiten.
Ibilaldiaren ezaugarriak direla eta, martxa
ondo prestatutako jendearentzat dela azaldu dute Artibai Mendigoizale Taldekoek. “Ibilaldi luze eta gogorra da eta norbere kabuz, laguntzarik barik, egin behar da”. Izan ere, Antolatzaileek ibilbide orri bat banatzen dute irteeran eta gidari bat jartzen dute martxa zuzentzeko, baina beste guztia ibiltariaren esku gelditzen da. Hala, ibilbidean ez dute seinalerik jartzen eta ez da hornidura gunerik egongo. Dena dela, ibilbidean iturriak eta tabernak ere badaudela azaldu dute, eta
bidearen track-a Wikiloc webgunean ikus eta jaitsi daiteke.
Ibilbide erdia. “Prestakuntza, fisiko ona, ekipo egokia eta mendian eskarmentua behar dira guztia osatzeko, eta gomendagarria da federatuta egotea”, adierazi dute. Bestalde, ibilbidearen erdia egiteko aukera ere badagoela zehaztu dute. “Lehenengo erdia egin Trabakuraino, edo bigarren erdia, Trabakutik 13:30ean irtenda”. Erretiratu nahi duenak ere,
Trabakuan (gutxi gorabehera bidearen erdian) orduero Bizkaibusa har dezakeela azaldu dute antolatzaileek.
Ibilaldian parte hartzeko ez da aurretik izenik eman behar,
06:00etan Ondarroako irteera gunean egotea besterik ez da egin behar. Edo bestela,
Trabakuan,
13:30ean.