Dmitriy Zhigunovek (Lizarte) irabazi du gaur arratsaldean [apirilak 27] lehiatu den 28. Sabin Foruria Memoriala. Ampo-Goierriko TB taldeko Xabier Murgiondogaz batera ailegatu da gaurko irabazlea Markina-Xemeinera, baina olibondoaren inguruan erorikoa izan du Murgiondok, eta beraz, Zhygunov bakarrik igaro da Aldaola kaleko helmuga azpitik. Bigarrena helmugan
Yacine Hamza ( Telco Ederlan) izan da, eta
Marcos Gonzalezek (Baque ideus BH Team) osatu du podiuma.
Dzimitry Zhyhunouk helmuga azpitik igarotzen.
Markina-Xemeingo
28. Sabin Foruria Memoriala lasterketagaz hasi da gaur [apirilak 27] Bizkaia 3E hiru egunetako bira. Lehen lasterketan
103 kilometroko ibilbidea izan dute aurretik txirrindulariek. Ondarroa, Lekeitio, Milloi eta Markina-Xemein arteko bidea egin dute lehenengo, eta Lekoiz, Aulesti, eta Milloitik Markina-Xemeinerainoko buelta eman behar izan dute ondoren, bi bider.
Lasterketa irabazita Bizkaia 3E itzuliko liderraren kamiseta arrosa jantzi du Dzimitriy Zhygunovek eta erregularitatearen berdea ere beretzat izan da. Mendiko sariaren elastiko laranja, berriz, Extremadurako Bicicletas Rodriguez taldeko
Carmelo Urbanok eskuratu du eta tarteko helmugetako urdina
Ramon Diaz Gazquez (Eiser-Hirumet) txirrindulariarentzat izan da.
28. Sabin Foruria Memorialaren irteera Markina-Xemeindik.
Arratsaldean egin duen zirimiriaren ereginez eroriko asko egon dira gaurkoan. Eskualdeko lehenengo txirrindularia,
Gaizka Sotil etxebarritarra ere erori egin da, Lekoizen gora borroka polita egin ondoren.
Bihar [apirilak 28], Bizkaia 3E ko bigarren lasterketa lehiatuko dute 23 urtez azpiko txirrindulariek.
Ibarrangeluko Sari Nagusia 15:30ean hasiko da, eta bigarren etapa honetan
120,7 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Domekan [apirilak 29] berriz,
Berriatuko San Gregorio Saria III. Asier Aranzeta Memoriala lehiatuko dute birari amaiera emanez. Azken lasterketak 131,8 kilometro izango ditu.