Lan, Bizi, Herri Duina leloa zabalduko du LABek Markina-Xemein eta Gernika-Lumoko kaleetan Maiatzaren Lehenean. Azaldu dutenez, herritar orori lan eta bizitza duina bermatzea izan beharko luke herri baten eredu ekonomiko eta sozialaren helburu nagusia. 12:30ean aterako dira manifestazioak Markina-Xemeingo Zelaitik eta Gernika-Lumoko udaletxe aurretik.
LAB sindikatuko Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko ordezkariak, Maiatzaren Lehenerako deia egiten. Argazkia: LAB
Aldarrikapen laboral eta sozialen inguruan indarrak biltzeko garaia dela dio sindikatuak, eta lan esparruari dagokionez, lehentasun batzuk zerrendatu dituzte: 1.200 euroko gutxieneko soldata, 35 orduko lan astea, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, gizon eta emakumeen arteko soldata arrakalaren ezabapena, enplegu publikoa sortu eta publifikazio prozesuak sustatzea, prekarizazio eta dualizazio formulak baztertzea, lanetik etxera bizirik eta osasuntsu bueltatzeko eskubidea eta euskaraz lan egin eta bizitzeko eskubidea.
Bilborako deia egin du, bestalde,
ELA sindikatuak. Mugimendu feministak eta pentsiodunek kalera eraman duten «erreibindikazio oldea indartzeko» aukera gisa ikusten dute aurtengo Maiatzaren Lehena. Pobreziari gerra! Soberan inor ez leloagaz abiatuko da manifestazioa 11:45ean, Jesusen Bihotzetik.
Sindikatuak dioenez, krisiak eta erabaki politikoek beldurraren tirania areagotu egin dute. «Sistemak ustezko etsaiak gure klasearen baitan sortzen dizkigu: immigranteak, errefuxiatuak, gizarte prestazioak jasotzen dituztenak…». Pobreen arteko gerra piztu nahi dutela ohartarazi dute. «Enplegua dutenak langabezian daudenen aurka; aldi baterako kontratua dutenak finkoen aurka; lanaldi partziala-lanaldi osoa; arlo publikoa-arlo pribatua; paperak dituzten migranteak eta ez dituztenak; prestazioak jasotzen dituztenak eta eskubiderik ez dutenak… Hori guztia langile klasea zatikatzeko politikan sartzen da».