DBH4ko ikasleei egokitu zaie PISAren azterketa egitea. Horren aurrean, ikasleek jakitera eman dute planto egingo diotela, Ikasleok Zorrotz dinamikari jarraituz. Azterketari planto egiten diotela agertzeko, ikasleek
elkarretaratzea egingo dute
eguaztenean (maiatzak 2), 10:00etatik 10:30era, ikastolan bertan. Herritarrei ere elkarretaratzeagaz bat egiteko deia egin diete.
Planto egitearen arrazoiak zeintzuk diren ere esan dute: “Elita politiko eta ekonomikoen mesederako azterketak direlako, azterketa horiek ikasleon arteko lehia sustatzen dutelako eta ez garelako zenbakiak eta ez dugulako azterketa batzuen bueltan ebaluatuak izan nahi”.
Ondokoak dira
Ikasleok Zorrotz dinamikaren helburuak:
- Hezkuntza erreforma inposatuen kontrako kontzientzia eta praktika zabaltzea (LOMCE, Heziberri…)
- Errerformen aurkakotasunetik, hezkuntza eredu espainol, kapitalista eta patriarkala errotik aldatzeko beharra azaleratzea
- Hezkuntza sistema propio eta burujabe baten aldeko aldarria zabaltzea
PISA hezkuntza sistema ebaluatzeko nazioarteko programa da, eta ebaluatzen diren herrialdeen emaitzak erkatzea ahalbidetzen du. Azterketa hiru urtean behin egiten da, eta irakurmena, matematika eta zientzia gaitasunak aztertzen ditu.