Elikadura arloko egitasmoak ezagutzera emateko foroa egingo dute Leartibai Berrikuntza Gunean
Lea-Artibaiko elikadura estrategia sustatzeko Euskal Herriko kasu arrakastatsu batzuk hizpide izango dituzte bihar [maiatzak 3] Lea-Artibai Berrikuntza Gunean. “Arrakasta izan duten elikadura estrategia proiektuak ezagutzera emango dira bertan, kontzientzia sortu eta Lea-Artibai mailan horrelako proiektu batek izan dezakeen garrantzia ikusarazteko”, azaldu dute.
Joan den urtarriletik, Leartibai Garapen Agentzia eta Lea-Artibaiko Landagarapen Alkartea eskualdeko elikadura estrategia proiektua martxan jartzeko lehen pausoak ematen ari dira. Proiektuaren helburu nagusia lehen sektoreko tokiko kontsumoarekin lotura duten Lea-Artibaiko eragile estrategikoen elkarlana sustatzea da, tokiko produktuen salmenta eta promozioa kanal motzen bitartez bideratzeko. Proiektuak hiru fase izango ditu: eskualdeko lehen sektoreko tokiko kontsumoaren diagnostikoa eta eragileen dinamizazioa, tokiko kontsumoaren garrantziaren gizarteratzea eta sentsibilizazioa, eta azkenik, kanal motzeko salmentaren froga pilotua diseinatu eta martxan jartzea.
Momentu honetan proiektuaren lehen fasean murgilduta daude. Hasteko, eskualdeko hamabi udaletako ordezkariekin bildu ziren proiektuaren berri emateko, eta ondoren, sektore ezberdinetako eragileei (ekoizle, nekazari, merkatari, ostalari eta transformatzaileei) elkarrizketak egin zizkieten jasotako emaitzekin sektorearen analisia burutu ahal izateko. “Apirilaren hasieran proiektuaren baitako parte-hartze saioak ere ospatu ziren: sektoreka banatuta, eragile ezberdinek elikadura sektoreko egoeraren diagnostikoa egin zuten. Tarte hori bakoitzaren egoera eta iritziak ezagutzera eman eta sinergiak sortzeko ere aprobetxatu zuten”, azaldu dute.
Praktika onen foroa. Hurrengo ekimena bihar gauzatuko dute, Leartibai Berrikuntza Gunean, elikadura estrategiaren arloan dauden praktika edo adibide onak ezagutzera emateko foro bategaz. Ekimena Lea-Artibaiko bizilagun guztiei zabalik egongo da.
Elikaduraren inguruan kontzientzia sortzea helburu, Elikagunea, Beterri Km0, Allende Jantokia eta Gure Elikagai egitasmoak aurkeztuko dituzte biharko foroan. Jardunaldia 15:00etatik 18:30era luzatuko da. “Azken helburua gure eskualdean horrelako proiektu bat garatzea beharrezkoa dela ikusaraztea izango da”.
Praktika onen saiora joateko interesa dutenek izena eman behar dute Leartibai Garapen Agentzian, 94-616 90 88 telefono zenbakira deituta edo jtxurruka@leartibai.com helbide elektronikora idatzita.