Udalak egindako deialdiari erantzunez, jende ugari batu da gaur iluntzean [maiatzak 4] Markina-Xemeingo udaletxe aurrean Bidarteko (Lapurdi) indarkeria matxista kasua salatzeko. Denbora gutxian bikotekideek eta bikotekide ohiek egindako erasoen ondorioz hildako
laugarren emakumezkoa izan da Bidartekoa, eta
Emakumeen kontrako indarkeria gehiagorik ez! leloa kaleratu nahi izan dute, beste behin ere emakume baten kontra eman den indarkeria gaitzesteko.
Udaletxe aurrean egin duten elkarretaratzea.
“Gaur egun, oraindik ere, gure jendartean emakumezko izateagatik zapalduta egoten jarraitzen dugu. Arlo guztietan, azalekoa edo ez, oraindik ere menpekotasun egoera batean bizi gara. Emakumeen kontrako indarkeria jendartean errotutako indarkeria da. Eta indarkeria fisikoa da zapalkuntza horretan larriena”, adierazi du elkarretaratze amaieran Josune Baskaran zinegotziak.
Markina-Xemeingo Udalak 2011ko udazkenean aho batez onartu zuen horrelako kasuak sistematikoki salatzea, eta horretan jarraituko duela esan dute “emakumeen kontrako indarkeria behin betiko amaitu arte”. Emakumeek jasaten duten zapalkuntzari aurre egiteko konpromisoa berretsi du udalak, “indibidual zein kolektiboki, horri aurre egiteko konpromiso garbiagaz”.
.