Gaztelugatxeko erronka
Azken urteotan elkartasun maratoiak egiten ari dira Javi Conde eta Jon Salvador. Etzi egingo dutenagaz hainbat gobernuz kanpoko erakunderi lagunduko diete.Txoko ikusgarrietan korrika egiten esperientzia daukate Javi Conde eta Jon Salvador atleta bizkai...
Azken urteotan elkartasun maratoiak egiten ari dira Javi Conde eta Jon Salvador. Etzi egingo dutenagaz hainbat gobernuz kanpoko erakunderi lagunduko diete.
Txoko ikusgarrietan korrika egiten esperientzia daukate Javi Conde eta Jon Salvador atleta bizkaitarrek. Pozalaguako kobak, Bizkaia Zubia, Athleticen gabarra, bost solairuko sakoneran eta itsasadarraren bi ertzak Deustuko Unibertsitatea eta Arte Ederren Museoa batzen dituen arrokan zulatutako galeria den Deustuko Sifoia… Atletismoa eta elkartasuna batuz, maratoiak egin dituzte horietan, eta domeka honetan Gaztelugatxeko Donienen daukate hitzordua.Aspalditik buruan zeukaten nahia da. Ikusgarria izango dela badakite, eta ilusio itzela daukate. Orain arte ametsa dena errealitate izango da etzi. «Ez da erraza izan; ahalegin eta urte askoren ostean eta Bermeoko Uda- laren laguntzari esker gauzatu ahal izango dugu. Udalak erraztasun asko eman dizkigu».
12:00etan hasita, EDP Bermeoko Udala Maratoi Solidarioa gauzatuko dute. Bospasei ordutan 50,88 metroko eremuari 829,30 buelta emango dizkiote, eta azken hilabeteetan gogor entrenatu dute dena gura duten moduan atera dadin. «Helburua kosta ahala kosta, baina biok amaitzea da. Lau hankatan bada ere, amaituko dugu. Inoiz ez du- gu huts egin, eta espero dugu oraingoan ere horrela izatea».
Condek orain dela hamar urte lehiatzeari utzi, eta 2010ean ekin zion kirola eta elkartasuna uztartzeari. Ordutik, 210.000 euro inguru banatu dituzte.
Proiektu solidarioari esker, jende askori laguntzea lortu dute. «Hiru olinpiar hiritan korritzeko helburuagaz hasi zen proiektu solidario hau». Babesleetako batek 1.000 eman eta Bartzelonako maratoia korritu zuen lehenengo; ondoren, Atenasekorako 2.000 euro bildu zituen. Salvadorrek 2012an egin zuen bat egitasmoagaz. «Gehien gustatzen zaizunagaz hainbeste jenderi laguntzen diozula ikustea itzela da. Ezin dugu egun bat ere korrika egin barik pasatu; gure bizitzaren parte da hau. Atsegingarriena da ikustea gustuko duzun zerbait eginda, jendeari laguntzen diozula. Pertsona asko ezagutzen ari gara, bihotz oneko jendea, eta hori gaur egungo gizartean asko da». Doazen lekura doazela, beti esker onez hartzen dituzte. Tsunamia izan zenean, Japonian egon ziren, Unicef eta Caritasi laguntzen. «Eurei laguntzea guretzat martxan jarraitzeko gasolina da».
Jai giroan
Erronkaz erronka ari dira, eta domekakoa jai bat izatea gura dute. Aurrekoetan txaranga izan dute alboan, eta oraingoan ere musikarik ez da faltako. Ordu askoko proba hauetan, jendearen berotasunak bultzada itzela ematen dietela aitortu dute. Denentzat lekua egon dadin, sarrera mugatu egingo dute. «Ordu asko dira, eta, tarteka, bakarrik geratzen gara. Ordu asko daramatzazunean, 20-25 kilometroan nekea igartzean, jendearen animoak behar dituzu».
Dena ondo koordinatuta egongo da, eta boluntarioen lanari esker dena ondo ateratzea espero dute. «Gu gara ezagunak, baina gure atzean lantalde bat daukagu». 20-25 kolaboratzaile dituzte, eta eurek barik horrelako probak egitea ezinezkoa lukete. «Logistika konplikatua izango da. Janari-edariak, bozgorailuak eta gainontzeko materiala igo beharko dugu; lan handia emango digu». Dena ondo ateratzeko, kolaboratzaileak lanean hasiko dira 08:00etarako. Han egon beharko dute 20:00ak arte.
Bilboko Madre de Dios ikastetxekoei euren proiektua ezagutara ematen lagunduko diete. Anoa postuetan plastikozko ur botila asko pilatzen direla eta askotan lurrean geratzen direla ikusita, probetako bereizgarriren bat duten birziklatzeko botila deigarriak sortzea pentsatu dute. Jendeak oroigarri moduan gordetzeko, 300 botila ekarriko dituzte, txorrotako uragaz beteta. Probaren izenagaz batera, egunkari batek emandako Forgesen bineta bat izango dute.
Babesleek emandako 11.000 euro banatuko dituzte hainbat gobernuz kanpoko erakunderen artean. Esaterako, egokitutako kirolaren Bizkaiko eta Euskadiko federazioa, Basauriko Meeting Internacional de Atletismo Adaptado, EPOC gaitza daukatenak babesteko elkartea, Saharar Herria Garatzeko Laguntza elkartea, senegaldarrei laguntzeko Creando Futuros erakundea eta beharrizan egoeran dauden gazteak udalekuetara eramaten dituen Erandioko Kilkirtxu elkartea lagunduko dituzte diruz.
Abenduan dena ondo aztertu, zehaztu eta homologatu zuten. Bizkaiko Federazioko Epaileen Elkargoko sei epaile etorriko dira. «Arriskutsua da, baina badakigu proba nola joango den. Guztia oso ondo aztertuta daukagu. Ez da zoro batzuen kontua; guztiz kontrakoa. Zentzuduna izan behar zara».
Ordu asko egin dituzte lekuan bertan entrenatzen, eta euren lepoak eta belaunek igarri dute. Zirkuitua buruz dakite; ate nagusitik sartu eta alboko atetik aterako dira. «Halako bihurgune zailetako probetan, 44-45 km izaten dira normalean. Zenbat eta nekatuago egon, bihurguneetan gehiago zabaltzen zara».
Gorputzak ondo erantzutea behar-beharrezkoa da, baina halako probak eguraldiak ere baldintzatuko ditu. Hotzak eta batez ere haizeak kezkatzen ditu. Diotenez, atleta batentzat haizea da «beti gogorrena». Batik bat ikustera doazenengatik egun ederra egitea espero dute.
Leku ezagun eta zoragarriak
Orain arteko probetatik gogorrenetarikoa izango dela badakite, baina duten esperientzia fisikoki zein psikologikoki lagungarria izango zaie. «Lehen probarako beldurrez geunden; ez genekien zer zetorkigun. Baina orain egin beharko bagenu, nahikoa erraza izango litzateke. Ia 4 ordutan egon ginen Bizkaia Zubian, 60 metroko altueran. Egur haietan korrika egitea ere izugarria izan zen. Entrenamenduetan oholak kraska egiten entzuten genituen; batzuk aldatu egin zituzten probarako, pentsa!».
Proba eta leku bakoitzak bere zailtasunak ditu. Bilboko erreka omentzeko helburua zuen triptikoan, erreka goitik, erditik eta behetik igaro zuten. 2012an Bizkaiko Zubian egon ziren, 2013an Gabarran eta 2014an Sifoian: «Hau ez da lekurik txikiena ezta luzeena ere. 50 metro dira; Gabarran 30 metro ziren. Honen zailtasuna oinkadak ondo ematea da. Horregatik, beharbada, gogorrena izango da. Guztiz kontzentratuta egotea eskatzen du. Badakigu oinazpian min egingo digula».
Bakoitzak bere berezitasunak ditu; Gabarrakoa 5 ordu eta 23 minutuan amaitu zuten. Denbora oso arin pasatu zitzaiela diote: «Txaranga eta guzti han egotea, egun ederra egin zuen, eta giro itzela sortu zen». Pozalaguan egin ahal izateagatik ere pribilegiatu sentitzen dira. Kaskoekin aritu ziren korrika; «konplikatua» izan zen. «Pelikula batean geundela zirudien; izugarria izan zen. Bisitatzeko pasarela metalezkoa denez eta hezetasunagatik busti dagoenez, moketa gorria jarri genuen».