Giza kate herrikoia egin dute Markina-Xemeinen ekainaren 10eko hitzordurako aktibatzen hasteko
Ekainaren 10ean Donostian hasi eta Gasteizen amaituko den giza kate erraldoian, Markina-Xemeini 79. kilometroa egokitu zaio, eta “jende asko” behar dela hori guztia betetzeko azpimarratu dute Markina-Xemeingo Gure Esku Dago taldekoek gaurko giza katea hasi orduko. “Aurrekoan Lea-Artibaiko herri txikiekin batera joan ginen, baina aurten bakarrik bete behar dugu kilometroa, beraz gutxienez, 800 edo 900 lagun behar ditugu”. Beraz, gaur egin den Klik Egunaren helburua hori ere badela esan dute, bakoitzak bere lantokian, familian, lagunartean jendea aktibatzen laguntzea 800 edo 900 laguneko talde hori osatu ahal izateko. “Hamalau autobus hartuta ditugu eta bete egin behar ditugu. Aurrekoan ere lortu genuen 800 lagunetik gora biltzea eta oraingoan ere ez gara gutxiago izango”.
Proposamenak. Ekainaren 10eko giza kate erraldoia orain dela lau urte egin zena baino askoz handiagoa izango da, 201,9 kilometro ditu, eta Donostian hasi eta Gasteizen amaituko da. Gasteizen amaitzea ez dela halabeharrezko erabakia azaldu dute. Herri Ituna osatuko duten 2019 arrazoi bildu nahi ditu mugimenduak, eta erabakitzeko arrazoi horrek biltzen hasi dira herriz herri. Horrela, erabakitze eskubidearen aldeko proposamenak hautestontzian sartzeko aukera egon da gaurko ekitaldian. Gero, herri ituna osatuko duten 2019 arrazoi horiek guztiak Gasteizko legebiltzarrean entregatuko dituzte ekainaren 10ean; bertan aurrean amaituko da giza katea. “Zergatik erabaki nahi dugun esateko arrazoi asko ditugu: kultura, gure lurra, herritartasuna, ongizatea, eremu soziala… horrek denok gure esku egon daitezke, eta denon artean bada garaia erabakitzen joateko”.Ikusi zuzenean ARGAZKI GALERIA
Ekainaren 10eko giza katean parte hartzeko zein autobusean joateko izena eman behar da aldez aurretik, eta horretarako aukera egon da gaur. Hala ere, hurrengo asteetan ere kalean egongo direla azaldu dute, jendea parte hartzera animatuz. Bestalde, ekimenean parte hartzeko asmoa daukatenek izena ahal bait arinen emateko eskatu dute, antolakuntza handia dela azpimarratuz. Datorren zapatuan [maiatzak 12] Okela Eguna dela aitzakia informazio mahaia jarriko dute eta giza katean parte hartzeko izena eman ahalko da.“Ekainaren 10ean ea berriro gaurko denok eta askoz gehiago elkartzen garen”.