Kaxero Gaupaserok jaia ekarri du Berriatura
[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Gaurkoan, baina, arrakastarik handiena Elkarteen arteko V. Pintxo lehiaketak eduki du. 12:30ean hasi da dastaketa eta ordu bete igaro orduko desagertuta zeuden mahaietatik elkarteek prestatutako mokadutxoak. Bost elkartek parte hartu dute lehiaketan: Berriatuko Anaitasuna Jubilatuen Elkarteak, Ondarruko Ezkilantzarri Elkarteak, Milloi Auzo Elkarteak, Goxalde Elkarteak eta Kukulumutxuk. Berriatuko Udalak atuna eta antxoa eman dizkie eta hortik aurrera, imajinatu duten guztia eraman dute sukaldera. Pintxo ikusgarriak prestatu eta eskaini dituzte. “Maila handikoak” izan direla eta “ikaragarri gozoak” egon direla azpimarratu dute dastatzaileek.[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Urtero parte hartu dute Berriatuko jubilatuen elkartekoek lehiaketan eta aurten bost pintxo mota ezberdin prestatu dituzte; Ondarroako Ezkilantzarrikoek ere bost pintxo mota ezberdin prestatu dituzte, hirugarren urtez parte hartu dute lehian eta iazko irabazleek bi pintxo berri egin dituzte aurten. Milloi Auzo Elkarteko zazpi lagun ibili dira gaurko pintxoak prestatzen eta 300 bat pintxo egin dituzte. Goxalde Elkartekoen fritoek arrakasta handia izaten dutela eta, 200 egin dituzte gaurko azokarako eta oraingoan ere ez da eskatzailerik falta izan. Juan Arriola Astobitze eta Eugenio Gojenola ibili dira sukaldari lanetan. Azkenik, Kukulumutxu taldeko hamar lagunek lau pintxo ezberdin prestatu dituzte, guztiak ikusgarriak, esate baterako, baso batean Pisako dorrea prestatu dute eta berehala desagertu dira ontzitxoak mahaitik. Elkarte horietatik guztietatik bat saritu dute dastatzaileek. Zortearen arabera, pintxoak dastatzeko txartelak erosten dituztenetako batzuk izendatzen dituzte balorazioa egiteko, eta gaurkoan puntuaziorik altuena Ezkilantzarrik eduki du, eta beraz, aurten ere eurek izan dira lehiaketako irabazleak.