Datozen sei astetan jokoan egongo da
41. Markina-Xemeingo Eskupilota Txapelketa. Urtero bezala, frontoi txikiko kantxara aterako dira Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko pilotariak dena ematera. Bost kategoriatako pilotariak neurtuko dira aurten ere, benjaminetatik hasi eta nagusien mailara arte. Barikuan [maiatzak 11] benjamin mailako bost partidu jokatuko dira, 16:45ean hasita: Franco-Perez/Ibarzabal-Asumendi; Larrinaga-Urbieta/Arriola-Urizarbarrena; Gabikagogeaskoa-Goikoetxea/Ugalde-Arrizabalaga; Albizu-Sololuze/Ezpeleta-Mandaluniz eta Ezpeleta-Mandaluniz/Ugalde Arrizabalaga. Alebinen mailako partidu bat egongo da jokoan: Arrizabalaga-Martinez/Alvarez-Maguregi.
Benjaminen maila bi taldetan banatu dutela jakitera eman du Pello Urionabarrenetxea entrenatzaileak. “Pilotari asko ditugu maila horretan, eta errazagoa da guztiontzat horrela jokatzea”, azaldu du. Horrela, bost bikote egongo dira talde bakoitzean, eta liga eran jokatuko dute, denek denen kontra. “Lehenengo gelditzen direnak finala jokatuko dute, eta bigarren eta hirugarren gelditzen direnek finalaurrekoak”.
Joan den barikuan jokatu ziren lehen partiduak frontoi txikian.
Alebin eta
gaztetxoen mailetan, berriz, beste modu batera jokatuko dutela azaldu du. “Bikote finkorik ez dute edukiko. Lau atzelari eta lau aurrelari egongo dira, eta partidu bakoitzean bikote ezberdinagaz jokatuko dute”. Horrela, partidu gehien irabazten dituzten aurrelariak eta atzelariak sailkatuko dira finalerako.
Kadeteek, aldiz, benjaminen sistema bera jarraituko dute, denek denen kontra bikote finkoagaz. “Kategoria horretan lau bikote neurtuko dira”. Bestalde,
nagusien mailako pilotariek finalaurrekoak eta finala jokatuko dutela bakarrik zehaztu du entrenatzaileak. “Beste txapelketa asko izaten dituzte, eta gaitza izaten da eurentzat partidu gehiagorako tartea egitea”.
Denetara
60 pilotari baino gehiagok parte hartuko dute aurtengo txapelketan. Ia guztiak Markina-Xemeingo eskolakoak izango dira, baina bikoteak osatzeko beste herri batzuetako eskoletako pilotariak ere gonbidatu dituzte. Txapelketaren finalak ere badauka data jarrita,
ekainaren 17an jokatuko da.