Eskualdeotako atletek hamalau domina lortu dituzte Durangon
Euskadiko Txapelketa lehiatu dute asteburuan. Lekeitioko Tximistakoek sei medaila, Bermeoko Taraskakoek bost eta Gernika ATkoek hiru irabazi dituzteAsteburuan Durangoko pista irekian lehiatu dute Euskadiko Txapelketa. Lekeitioko Tximista Atletismo Tald...
Euskadiko Txapelketa lehiatu dute asteburuan. Lekeitioko Tximistakoek sei medaila, Bermeoko Taraskakoek bost eta Gernika ATkoek hiru irabazi dituzte
Asteburuan Durangoko pista irekian lehiatu dute Euskadiko Txapelketa. Lekeitioko Tximista Atletismo Taldekoak sei dominagaz bueltatu dira etxera, Bermeoko Taraska Atletismo Taldekoak bostegaz eta Gernika Atletismo Taldekoak hirugaz.Bermeoko taldeko Iker Ormaza Euskadiko txapelduna da, 20 urtez azpikoen jauzi hirukoitzean, eta 18 urtez azpikoen xabalina jaurtiketan, berriz, Oier Rodriguez txapeldunorde geratu da. Bestalde, hiru brontzezko domina lortu dituzte. 20 urtez azpikoetan, Naroa Fernandez oztopo-hesien proban sartu da podiumean. 18 urtez azpikoen mailu-jaurtiketan Garazi Lertxundi sailkatu da hirugarren, eta Itziar Olondo, 2.000 metroko oztopo proban.
Gernika-Lumoko taldeko 20 urtez azpikoetan, hiru brontzezko domina irabazi dituzte. Jon Ander Asturias pisu jaurtiketan sartu zen podiumean; sei kiloko pisua 10 metro eta 3 zentimetroraino jaurti zuen. Asier Cisnerosek xabalina jaurtiketan lortu zuen brontzea, 800 gramoko makila 26 metro eta 83 zentimetroraino jaurti ondoren. Unai Lobato 3.000 metroko lasterketan geratu zen hirugarren; 9 minutu eta 45 segundo behar izan zituen.
Podiuma lortzetik hurre
Talde gernikarreko partaide batzuek nabarmentzeko lana egin zuten, eta podiuma lortzetik oso hurre geratu zirela adierazi dute taldeko ordezkariek. Aitor Asturiasek lasterketa bikaina egin zuen, 2.000 metro oztopoetan. Laugarren sailkatu zen, 7 minutu eta 42 segundoko markagaz; Ibai Musatadi taldekideak baino segundo bat gutxiago egin zuen. Proba berean, nesketan, Iara Auzokoa bosgarren sartu zen helmugan, 9 minutu eta 45 segundoko marka eginez.
Halaber, Uxue Aurreren adorea ere azpimarratu dute, hiru finaletan sartzea lortu baitzuen: 1.500, 800 eta 400 metroko probetan. Esaterako, 800 metroko finalean bosgarren sailkatu zen, 2 minutu eta 31 segundoko markagaz. Mustapha Hejjou ere ondo aritu zen 1.500 metroko lasterketan; 4 minutu eta 58 segundoko marka lortu zuen.
Lekeitioko atletek sei dominak lortzeaz gain, markak hobetzea lortu dute.
18 urtez azpikoetan eta 20 urtez azpikoetan lehiatu dira. 18 urtez azpikoetan, Aiora Agirregomezkortak urrezko medaila irabazi du, 800 metrotan, eta 1.500 metrotan eta xabalina jaurtiketan, berriz, zilarrezkoa. Maila berean, Oihane Gonzalez pisu jaurtiketako Euskadiko txapeldunorde geratu da. Irati Iriondok brontzezko domina lortu du 200 metroko proban (18 urtez azpikoetan).
Era berean, 20 urtez azpikoen 400 metro leunetan, brontzea irabazi du Naiara Virtok.
Espainiako Txapelketa
Agirregomezkortak eta Iriondok Espainiako Txapelketarako gutxieneko denborak eskuratu dituzte. Agirregomezkortak 800 eta 1.500 metroko marka pertsonalak hobetu ditu; 800 metrokoan 2.22,77 marka, eta 1.500 metrokoan 4.57,07 egin zituen. Iriondok 100 eta 200 metrokoetan hobetu ditu denborak. Lehenengoan 12,57 egin zuen eta bigarrenean, 26,18.
Espainiako Txapelketa Xixonen (Asturias, Espainia) lehiatuko dute ekainaren amaieran.