Inoizko pilotakadarik azkarrena jaurti zuen azaroan puntista berriatuarrak Floridako (Amerikako Estatu Batuak)
Dania Jai Alai frontoian;
305,7 kilometro orduko abiaduran jaurti zuen pilota. Orain, Guiness Fundazioak mundu mailako errekor hori jaso du, eta Aldazabali dagokion ziurtagiria eman dio. Azaldu dutenez, errekorra ziurtatuta geratzeko, pilotariak berak bai eta haren enpresak Guiness Fundazioaren “eskaera zorrotzei” erantzun behar izan diete. “Errekorra ziurtatzeko frogak aurkeztu behar izan dituzte”.
Aldazabal, Guiness Fundazioko kidearen hitzak entzuten. Argazkia: Jai Alai News.
Ziurtagiria emateko ekitaldian Floridako Dania Jai Alai enpresako arduradun nagusiek parte hartu zuten: Arnaldo Suarez (zuzendaria), Juan Pablo Villamayor (ekintzen zuzendaria), Mario Rodriguez (finantza zuzendaria), Oscar Pavicich (diruzaina) eta Benny Buenok (puntisten
manager-a). Azaldu zutenez, errekorra mundu mailako aitortza da, ez bakarrik Aldazabalentzat, baita Dania frontoiarentzat ere. “
40 urteren ostean Daniako puntista batek marka berria egitea lortu duela aitortzen du”.
Ziurtagiria jasota, Aldazabal Guiness Errekorren Liburuan agertuko da, eguneratzen dutenean. Aldazabalek pozarren hartu du agiria: “Oso pozik nago marka berria lortu dudalako. Guiness Fundazioaren aitortza jasotzeak lortutako marka erregistratzen du, egiazkotasuna emanez. Horrez gain, Jai Alain egiten den kirol honen abiadura baieztatuta geratu da”.
Guiness Fundazioko kidea, Aldazabal eta Dania Jai Alai enpresako arduraduna. Argazkia: Jai Alai News.
Aldazabalek pilotakada hura jaurti bitartean, errekorra Jose Ramon Aretio puntistak zeukan; Aretiok 1979an Newport Jai Alai (Rhode Island, Ameriketako Estatu Batuak) frontoian egin zuen errekorra. Orduko marka hori gainditzeko, Floridako Dania Jai Alai enpresak abiadura txapelketa bat egin zuen. Eta jaurtiketa ezberdinetan Aldazabal Areitioren markara ailegatu zen behin baino gehiagotan, baina behin bakarrik gainditu zuen.
Argazkia: Jai Alai News.
Aldazabal, ziurtagiriagaz. Argazkia: Jai Alai News.
HONEKIN LOTUTA: Alazabali HITZAk egindako ELKARRIZKETA IRAKURRI