Parke bio-osasungarriak erabiltzen ikasteko ikastaroak, Ondarroan eta Markina-Xemeinen
Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatuta, parke bio-osasungarriak behar bezala erabiltzen ikasteko ikastaroak egiten ari dira Bizkaiko hainbat herritan, tartean Ondarroan eta Markina-Xemeinen. Ikastaroak asteon [maiatzak 7-11] hasi dira, eta ekaina bukaerara bitartean egingo dira; zortzi saio egingo dituzte. Taldeak osatuta egon arren, interesa duten herritarrek udaletxean izena eman ahal dutela esan dute aldundiko ordezkariek.
Zehatz esateko, 20.000 biztanletik beherako Bizkaiko 13 udalerritan egiten ari dira ikastaroak. Saioak prestatzaile espezializatuek gidatuko dituzte. Ekimen honen bidez, aldundiak parke bio-osasungarrien erabilera bultzatu nahi du. “Parke bio-osasungarriak pertsona nagusiei zuzendutako ariketa fisikoaren jardun osasungarrirako lanabesak dira, eta horiek bultzatu nahi ditugu”. Saioak doan izango dira. “Teknikariek ariketak egiteko makinak nola erabili behar diren azalduko diete herritarrei”.
Saioak ordubete ingurukoak izango direla aurreratu dute, eta taldeak gutxienez 5 lagunekoak izango dira. Gehienez 20 laguneko taldeak egingo dira.
Ondarroa eta Markina-Xemeinegaz batera, ondoko herrietan ere egingo dira saioak: Elorrio, Ermua, Zaldibar, Berriz, Berango, Etxebarri, Abanto Zierbena, Bermeo, Arrigorriaga (Abusu) eta Lemoa.
Ekimena Bizkaiko Foru Aldundiaren Osasunera Kirolaren Bidez egitasmoaren baitan dago kokatuta. Egitasmo horrek bizkaitarren artena bizimodu osasuntsurako ohiturak bultzatzea du helburu. “Zentzu horretan, parke bio-osasungarri gehiago ipini ditugu, ariketa leuna modu erakargarrian egiteko”.