LGTBIQ Fobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatuko dute Lea-Artibain eta Mutrikun
Homofobia, Lesbofobia, Transfobia eta Bifobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da maiatzaren 17a (eguena), egun horretan, 1990ean Munduko Osasun Erakundeak homosexualitatea gaixotasun mentalen zerrendatik kendu zuela gogorarazteko. Horren harira, Lea-Artibain eta Mutrikun askotariko ekintzak egingo dituzte.
Lekeition, hiru ikastetxeetako ikasleek adierazpen bateratua egingo dute 12:00etan, Independentzia plazan. Azaldu dutenez, ikasleek kolore ezberdinetako kamisetak jantzita, LGTBIQren bandera osatuko dute, sexu orientazio zein genero identitate ezberdinen aurka ematen diren eraso eta diskriminazioak ezabatu behar direla aldarrikatzeko. 19:30ean, ostera, elkarretaratzea egingo dute Eskolapean, Potxuak Martxanek deituta.
Ondarroan ere, aldarrikapenak eta lanketak modu komunitarioan egingo dituztela esan du Ondarroako Udaleko Hezkidetza Egitasmoak. Hala, herriko hiru ikastetxeek Ondarroa aniztasunaz busti lelopean lip dub-a egingo dute, 10:00etatik 12:00etara, Etxelilatik hasi eta Zubi Zaharreraino. Hezkidetza egitasmoak aniztasun sexualaren aldarriak herritar guztiekin batera egingo dituela esan dute, eta herritar guztiei ekintzan parte hartzeko gonbitea egin diete. “Ekimenaren helburua ez da mezu negatiboa zabaltzea, baizik eta Ondarroa aniztasuna oinarri, bide eta helburu duen herria dela plazaratzea. Aniztasunaren jaia eta aniztasunaren apologia izateko sortu den ekimena da hau”.
Mutrikun Sexu eta genero aniztasuna hitzaldia eskainiko dute maiatzaren 22an [martitzena], 17:30ean, Zabiel kultur etxean, Emakumeak Mutrikun Abixan (EMA) taldeak deituta. Hizlaria German Urteaga izango da.