30. San Gregorio Txapelketaren (X. Felix Aldazabal Memoriala) finalak hartuko ditu Mendibarren frontoiak,
18:00etatik aurrera. Lehendabizi gazte mailakoa jokatuko dute, jarraian seniorren txanda izango da, eta azkenik, elite mailako finala lehiatuko dute.
Orain dela bi hilabete hasi zuten Berriatuko Zesta Eskolak eta udalak elkarlanean antolatzen duten txapelketa, eta barikuetan, zapatuetan eta domeketan jokatu dituzte partiduak. Zesta eskolako arduradunen berbetan, ikusle aldetik erantzun ona izan du. Maila ona ikusi dela, eta partidu onak irten direla zehaztu dute. “Urte asko daramatzagu eskolan lanean eta txapelketa hau antolatzen. Espero dugu zestak gora egitea. Azken urteetan gorako bidean doa, eta ea horrela segitzen duen”, adierazi du Roberto Lekue zesta eskolako entrenatzaileak.
Gazte eta senior kategorietan seina bikotek parte hartu dute, eta
elitekoan, berriz,
zortzi bikote egon dira.
Alex-Danel (Markina-Xemein) eta Aitzol-Paul (Berriatua) bikoteen artekoa izango da arratsaldeko lehenengo finala. Ondoren, Ekaitz eta Andonegi Mutrikuko eskolako pilotariek Urri eta Ibarluzea Markina-Xemeingo eskolakoen kontra lehiatuko dute senior mailako finala. Bestalde, bi aurrelari berritxuar egongo dira eliteko finalean. Hain zuzen, Antxonek Manexekin osatuko du bikotea, eta horiek Retolaza eta Garitaren kontra ariko dira zein baino zein gehiago. “Aurrelari biak Berriatuko eskolako dira, eta Manex eta Garita profesional mailan arituak dira. Ameriketan jokatzen egon ziren, baina lan kontuengatik iaz laga zuten. Manex irundarra da, eta Garita Durangarra, baina, Berriatuan bizi da”.
Sari banaketa ekitaldian, kategoria bakoitzeko bikote irabazleak txapela eta garaikurra jasoko dituzte, eta txapeldunordeek garaikurra eta medaila.
FINALAK:
- GAZTE MAILA: Alex-Danel vs. Aitzol-Paul
- SENIOR MAILA: Ekaitz-Andonegi vs. Urri-Ibarluzea
- ELITE MAILA: Antxon-Manex vs. Retolaza-Garita