Herritar guztien txalo beroak hartu dituzte asteburuan Lekeitio Futbol Taldeko jokalariek. Kadete eta nagusiak Ohorezko mailara igo izana ospatu zuen taldeak zapatuan [maiatzak 19] eta zaletu eta herritarrek ere bat egin nahi izan zuten ospakuntzagaz.
Larrotegi futbol zelaian hasi zuten ospakizuna nagusiek Zalduaren kontra jokatu zuten partiduaren ostean. Mikel Badiolaren mutilek banako berdinketa lortu zuten Zaldibarko taldearen kontra. Momentu honetan bigarren daude sailkapenean 67 puntugaz, eta azken partida jokatzea gelditzen zaie. Kanpoan jokatuko dute 17 puntugaz sailkapenaren azkena dagoen Busturia taldearen kontra. Lehen postuan, berriz, Uritarra Ak jarraitzen du 69 puntugaz.
Lekeitio FT-ko nagusiak Larrotegi zelaian ospatzen. Argazkia: Lekeitio FT
Markel Robles lekeitiarraren azken partidua izen zen gainera zapatukoa, eta omenaldia egin zion taldeak. Eibar, Real Union, eta Lemonan jokatutako futbolaria berriro itzuli zen Lekeitiora bere hasierako taldean amaitzeko ilusioagaz. Hiru urte egin ditu Lekeition, taldea Ohorezko mailan utziz. “Beti laguntzeko prest, taldekotasuna bultzatuz. Bere umiltasunagaz batera kalitatezko kirola erakutsi digu”, nabarmendu du Eli Mendieta Lekeitio FTko lehendakariak.
Larrotegiko ospakizunen ondoren
kamioian ibili ziren nagusiak herrian zehar bueltaka, eta herritarren txaloak jaso ondoren afaria eduki zuten amaitzeko.”Merezita zeukaten kastaz egindako taldea delako”, azpimarratu du Mendietak.
Lehenengo. Kadeteak Lehentasuneko mailako lehen postuan gelditu dira denboraldi bikain bat egin ondoren, eta beraz, pasilloa egin zieten nagusien partiduaren ostean. Xabi Erkiaga Lekeitio FTko koordinatzaile eta entrenatzailearen gidaritzapean ibili da taldea eta jokatu dituzten 30 jardunaldietatik 21 partidu irabazi, 7 berdindu eta 2 besterik ez dituzte galdu.
Talde modura daukaten filosofiaren oinarri garrantzitsuenetariko bat izanik, Lekeitio eta inguruko herri txikietako gazteekin –Mendexa, Ispaster, Amoroto– lan egiten du klubak txikitik nagusiraino, eta beraz, jokalariek egindako denboraldiagaz oso harro dagoela aitortu du zuzendaritza batzordeak.