Otxandiotik Agurainerako bidea pausoz pauso eta abenturaz abentura zipriztintzeko asmoz dator aurten Lekeitioko
Karkabia elkarteak antolatzen duen Udaleku Ibiltaria. Aurtengo udalekua
uztailaren 10etik 16ra bitartean izango da.
Karkabiakoek azaldu dutenez, Lekeitioko gazte eta nerabeen arteko harremanak sendotu, ondo pasatzeko modu berriak esperimentatu, taldean bizi zein gozatu eta naturarekiko eta taldearekiko errespetuan oinarritutako ekimen bat eraikitzea da Udaleku Ibiltariaren helburu nagusia. Eta uztaileko abenturari forma ematen joateko, hitzordua jarri dute ekainaren 9an, 09:00etan Eskolapean “eguna elkarregaz igarotzeagaz gainera guztien artean udalekua zehazten hasteko”.
Karkabiak antolatutako Udaleku Ibiltaria.
Etapak. Etapaz etapa leku bakoitzak eta parte hartzaileen imajinazioak eskaintzen dizkieten jarduerak eramango dituzte aurrera. “Otxandiotik Ubiderakoa izango da lehenengo etapa, biharamunean Gorbeiako parke naturala inguratu eta inguruko ur jauzi batean atseden hartuta, Murgiara abiatzeko. Murgiatik Gasteizera egingo dugu hirugarren etapa Arabako erliebe lauagaz gozatzeko. Arabako hiriburua atzean utzi eta ekialderantz hartuko dugu bidea, Ozaeta ezagutu eta azken arrastoak Agurainen uzteko”.
Ekainaren 8ra arte egongo da udalekuetan izen emateko aukera. Horretarako,
695 712 668 telefono zenbakira idatzi behar da. Euskara, esperimentazioa, sormena, kritikotasuna, zaintza eta hezkidetza ipar, aurtengoa ere ondo pasatzeko nahiz gozatzeko aukera bikaina izango dela nabarmendu dute.