Euskaraz lan egiten duten sortzaile, artista eta zinegileen lanak batzen hasiko da
41. Euskal Zine Bilera.
Urriaren 6tik 12ra ospatuko da aurten Lekeitioko euskarazko zinema jaialdia, eta 2018ko
uztailaren 31ra arte edukiko dute egileek lanak aurkezteko epea. Iaz 40 urte bete zituztela eta, aurrerapausoak emateko bideak jorratzen hasi zen Euskal Zine Bilera, eta horren emaitza dela esan dute, besteak beste, aurtengo Euskal Zine Bilerako lehiaketan parte hartzeko
oinarrien arautegi berria.
Edozein genero edo tratamendu zinematografiko lantzen dituzten filmak aurkeztu ahalko dira lehiaketara. Aukeraketaz kanpo geratuko dira, berriz, bideoklipak, iragarkiak, spotak eta bideo korporatiboak. Urtero bezala, lanek gehienez 30 minutu izango dute, eta EZB denez gero,
euskara izango da bilerara aurkezten diren lanetan erabiliko den hizkuntza, filmean elkarrizketak edo off ahotsa erabiltzen badira. “Euskara ez den beste hizkuntzaren bat erabiltzen bada, azpitituluak jarriko dira euskaraz; eta azpitituluak irudira txertatuta joango dira”, zehaztu dute.
Euskal Zine Bilera. Argazkia: Eneko Zuberogoitia
Bestalde, kanpoan geldituko direla adierazi dute arraza, sinesmen, etnia, adin, erlijio, sexu, genero identitate, sexu orientazio, itxura fisiko edo pertsonen gaitasunak iraintzen, gutxiesten edo jasartzen dituzten lanak.
Aurkezpena. Pelikulak sarean aurkeztu beharko dira,
Internet bidez, eta aukeraketa batzorde bat arduratuko da hautaketa egiteagaz. Aukeratuak diren film labur bakoitzaren egileak edo egileek 200 euro jasoko dituzte eta urrezko antzarra lortzeko lehian sartuko dira.
Ia 6.000 euro banatuko ditu EZBrak sarietan. Hauek izango dira
sarituko dituzten arloak:
- Zuzendaritza: 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra.
- Gidoia: 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra.
- Film onena: 1.900 euro eta Urrezko Antzarra.
- Ikusleen saria: 750 euro eta Zilarrezko Antzarra.