Sindikatuak
bi orduko lanuzteak egitera deitu ditu langileak, bihar [maiatzak 30, eguaztena], eta horrekin batera, elkarretaratzeak egingo dituzte.
Ondarroan, esaterako,
12:00etan bilduko dira
Alamedan, eta Gizaburuagako
Okamikako industrialdeko sarreran, 13:45etik 14:15era.
Estatalizazioaren eta prekarietatearen aurrean, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialeko Euskal Esparrua eskatzen dute. “Izan ere, gure lan eta bizi baldintzen erabakiak Euskal Herrian hartu behar dira”, adierazi dute. Lan eremuan burujabetza eskuratu ezean, “estatalizazioaren eta prekarietatearen menpe” jarraituko dutela deritzote. Hala ere, borroka sindikalaz gain, aldaketa politiko eta sozialerako burujabetza prozesua martxan jartzea ezinbestekoa dela adierazi dute.
Esparru pribatuan zein publikoan
estatu mailako lan baldintzak ezartzea da estatalizazioa. LABeko eskualdeko ordezkarien berbetan, estatalizazioaren helburua da bertoko lan hitzarmenak arautzen dituzten lan baldintzak “betetzeari uztea” eta lan baldintza “okerragoak eta merkeagoak inposatzea”. Bertoko zein estatuko patronalaren kontra gogor mintzo dira, beste behin. Euskal sindikatu abertzaleko kideen ustez, patronalak lan baldintzen prekarizazioa eta zerbitzu publikoak pribatizatzea bilatzen du. “Langileen kontura, patronalaren etekinak biderkatzen jarraitzen dute”, esan dute.
Negoziazio eremu berriak irekitzeko borrokatzera deitu dute
Hemengo langileek eta sindikatuek euren
lan baldintzak arautzeko duten erabakitzeko eskubidea ukatzea leporatzen diete: “Madrileko sindikatu eta indar korrelazioen araberako lan baldintzak inposatu gura dituzte. Hau da, bertoko sindikatuei langileok eman diegun ordezkaritza baliogabetu, eta hemen langileok dugun indar korrelazioa neutralizatu gura dute”.
Negoziazio kolektiboa zein negoziazio eremu berriak irekitzeko aukerak blokeatuz, eta zentralizazioaren bidez estatalizazioa gauzatzen ari direla azaldu dute. Eremu publikoan, gainera, langileei eta azpikontratatutako langileei legeak inposatuta estatalizazioa lortu gura dutela salatu dute.
Beraz, biharko mobilizazioetan negoziazio eremu berriak irekitzeko borrokatzera dei egingo dute, lan baldintzak erabakitzeko, adosteko eta arautzeko aukera izateko.
“Ekintza sindikal iraunkorra” giltzarria dela azpimarratu dute: “Langileok tokian toki antolatu eta aktibatu behar gara enpresa nahiz sektore mailan lan hitzarmenak eskuratzeko”.