Karraspio hondartzako aparkalekuetan TAO zerbitzua ezarriko dute, ekainetik irailera
Barikuan hasi [ekainak 1] eta irailaren 30era bitartean egongo da TAO zerbitzua. Beraz, 10:00etatik 20:00etara aparkatu nahi duenak ordaindu egin beharko du.
Gutxieneko denbora 30 minututan ezarri dute, eta gehienez 10 orduz utzi ahalko da (zerbitzua martxan dagoen denbora). Ibilgailua ordu erdiz aparkatuta uzteagatik 50 zentimo ordaindu beharko dira, eta hamar orduz utziz gero, 10 euro.
55 aparkaleku daude, eta horietatik sei mendexarrentzat erreserbatu dituzte.
Udalerrian erroldatutakoek edota Mendexako erroldan agertzen diren ibilgailu baten edo ehiagoren jabeak diren egoiliarrek hiru euroko txartela eskuratu dezakete udaldi osorako. Gutxienez bi urte erroldatuta egotea ezinbestekoa da, bai eta udalagaz zorrik ez izatea. Eskaera orria udaletxean zein udalaren webgunean (www.mendexa.net) eskuratu daiteke.
Bi makina jarriko dituzte, eta lan eskaintza publikoaren bidez, bi langile kontratatu ditu udalak; langile bakoitzak 5 orduko lanaldia izango du.
Jesus Maria Anakabe Txakartegi Mendexako alkateak azaldu duenez, Karraspion udan aparkatzeko sortzen diren arazoak ekidin asmoz hartu dute neurria:«Aldundiko arduradunek esan ziguten aurtengo hondartza denboraldian hondartzainek ez zutela ibilgailuen sarrera irteera kontrolatuko, euren eskumena edo ardura ez delako. Beraz, udalak beregain hartzea erabaki zuen. Bi aukera genituen, libre utzi edo udalak kontrolatzea. Libre utziz gero, arazoak sor litezke, eta beraz, TAO jartzea erabaki genuen».
Bestalde, gogora ekarri du, urtero moduan, aurten ere uztailean eta abuztuan autobus zerbitzua egongo dela.