Hilabete honetarako hiru ekitaldi prestatu dituzte; lehenengoa
kantu bazkaria izango da eta zapatu honetan [ekainak 9] Herriko Tabernan egingo dute. 14:30ean elkartuko dira bertan, eta KZeta Taldeak girotuko du bazkaria. Joan nahi dutenek tabernan bertan eskuratu behar dituzte txartelak, 10 euroren truke, eta bihar [ekainak 7] da txartelak erosteko azken eguna.
Hurrengo bi saioak ekainaren 22an eta 23an izango dira. Hilaren 22an
Irakurketa Txokoa egingo dute Udal Liburutegian; Kirmen Uribe ondarrutarraren
Mussche (Susa, 2012) liburuari buruzko solasaldian elkartuko dira herritarrak. Liburua irakurri nahi dutenek, udal liburutegian eskatu dezakete dagoeneko. Bestalde, San Juan bezperan
Euskal Herriko ohituren eta kondairen inguruko hitzaldia emango du Jabier Kaltzakortak, Txori Tabernan. “Data hori aprobetxatuta, sanjuanetako suen ohitura eta bestelakoak nondik datozen azaldu, eta zenbait kondaira eta istorio kontatuko ditu”azaldu du Urtzi Uriarte euskara teknikariak.
2015ean euskararen ezagutzari buruzko galdetegia bete zuten herritarrek, eta
2016an euskararen erabileraren kale neurketa egin zuten udalerrian, eta esparru batzuk landu beharra zegoela ikusi zuten. Batik bat taberna giroan edo aisialdian erdararako joera zegoela konturatu ziren, eta tabernetako arduradunekin horretaz berba egin zuten. Uriarteren berbetan, elkarlanean egoerari buelta emateko zer edo zer egitea pentsatu zuten: “Giro hori euskalduntzeko eurek esku bat botatzeko prest zeuden galdetu genien. Eta pentsatu genuen orain arte moduan ekintzak udal aretoan egin beharrean tabernetan egitea. Arazoa dagoen lekura joatea erabaki genuen”.
Irakurketa Txokoa. 2015eko galdetegiak parte hartze handia egon zela zehaztu du euskara teknikariak, eta handik ateratarako ondorioetako bat izan zen euskaraz irakurtzeko ohitura falta: “Jendeak aitortzen zuen zailtasunik handiena euskaraz irakurtzeko zutela; telebista eta irratia euskaraz ikusi eta entzun arren, irakurtzeko zailtasunak zituztela, eta orduan pentsatu zen txoko hori martxan ipintzea”. Batez ere andrazkoak dira irakurketa txokoan parte hartzen dutenak.
Aurrerantzean euskalzaleen topagune bihurtu gura dituzte tabernak, urtean zehar hainbat ekintza antolatuz.”Oraindik datariz zehaztu ez badugu ere, Hondamendin eta Sindikatun ere ekitaldiak egingo ditugu”.
Bestalde, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateagaz elkarnalean hainbat gauzatan ari dira. Esaterako, UEMA Lehen Hezkuntzako unitate didaktikoak ateratzen ari da, eta horren inguruko zenbait ikastaro eman dituzte, eta gurasoentzat eta umeentzat euskararen inguruko ikastaro batzuk eman gura dituzte (oraindik data zehazteke dute).
MUNITIBARKO EUSKARA AGENDA:
EKAINAK 9, ZAPATUA:
- 14:30. Kantu bazkaria KZeta Taldeagaz, Herriko Tabernan.
EKAINAK 22, BARIKUA:
- 19:00. Irakurketa Txokoa: Kirmen Uriberen Mussche, Udal Liburutegian.
EKAINAK 23, ZAPATUA:
- 19:00. Euskal ohiturak eta kondairak hitzaldia, Jabier Kaltzakortagaz, Txori Tabernan