Ekainaren 10ean, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen giza kate erraldoiaren egun berean,
Gure Esku Dagoren II. Bandera jokatuko da Lekeition. Isuntza Arraun Elkarteak estropada egunez aldatzerik izan ez duenez, keinu berezia egin nahi izan dio erabakitzeko eskubidearen alde lanean diharduen herri dinamikari, eta beraz, Gure Esku Dagori babesa erakutsi eta presentzia emango diote Lekeitioko estropadan ere. «Horrela, herrian gelditzen direnak ere denok lotuta gaudela ikusiko dute”.
Gaur goizean aurkeztu dute bandera Isuntza Arraun Taldeko elkartearen aurrean dagoen emakumeen traineruaren horma irudiaren ondoan Karmen Marina Arteagabeitia Lekeitioko Gure Esku Dagoren ordezkariak, Santi Zumaran Isuntza Arraun Elkarteko lehendakariak eta Koldo Goitia Lekeitioko alkateak.
GUre Esku Dago-ren II. Banderaren aurkezpena.
33 traineruk parte hartuko dute Isuntza Arraun Elkarteak antolatuko duen estropadetan. Gizonezkoen 40. Ikurrina, Emakumeen VIII. Ikurrina eta Gure Esku Dagoren II. Bandera jokatuko direla jakitera eman du Isuntzako lehendakariak. Danetara Bizkaiko, Iparraldeko eta Gipuzkoako 23 talde egongo dira Lekeition: Mundaka, Lea-Artibai, Donostiarra, Kaiku, Hondarribi, Hibaika, Deusto, San Juan, Orio, Lutxana, Mutriku, Elantxobe, San Pedro, Getxo, Portugalete, Arkote, Lapurdi, Zumaia, Zarautz, Santurtzi, Getaria, Zierbena eta Isuntza. “
Bederatzi traineru izango dira
emakumezkoenak eta
24 gizonezkoenak”.
Estropada. 11:30ean hasiko da estropada emakumezkoen estropadagaz. Ondoren, gizonezkoen erlojuz kontrakoa egingo dute 12 traineruk, eta azkenik, gizonezkoen tandak hasiko dira. Lau traineruko hiru tanda egingo dituzte. Estropada amaitu ostean, itsasoan bertan emango dizkiete banderak emakumezkoen eta gizonezkoen traineru irabazleei.
Emakumeen estropadan Mundaka izango da irtetzen lehenengoa, Lea-Artibai eta Donostiarra aterako dira ondoren, Kaiku eta Hondarribi jarraian, gero, Ibaika eta Deusto, eta azkenik, San Juan eta Orio. “Joan eta etorri egin beharko dute”.
Mundakak eta Lutxanak hasiko dute gizonekoen erlojupekoa, gero Mutriku eta Elantxobe aterako dira, jarraian Hondarribi B eta San Pedro B, atzetik Getxo eta Donostiarra B, ostean Portugalete eta San Juan eta azkenik, Arkote eta Lapurdi. Hurrengo tandetan berriz, hurrengoa izango da ordena: lehenengo tandan Isuntza, Zumaia, Deusto eta Zarautz ureratuko dira, bigarren tandan Kaiku, San Juan, Santurtzi eta Getari, eta hirugarren tandan Hondarribi, San Pedro, Donostiarra eta Zierbena.
Babesa. Gure Esku Dagok bost urte daramatza Euskal Herriko Txoko guztietan erabakitzeko eskubidearen alde lanean, eta estropada bezalako ekintzek beti laguntzen dutela adierazi du Karmen Marina Arteagabeitiak. “Hainbeste gauza egin dira, hainbeste lan eta Gure Esku Dago proiektua aldarrikatu ahal duen edozer balekoa da egitasmoa aurrera ateratzeko”.
Giza kate erraldoirako dena prest daukatela azaldu du. “Lekeitiori eta Mendexari Altube tokatu zaigu. Bi kilometro daukaguz bertan, 168 eta 169, eta momentuz 13 autobus bete ditugu. Gainera, oraindik ez dogu galtzen esperantza eta 14.ena ere atarako dugu”. Jendea ilusio handiagaz dagoela nabarmendu du Lekeitioko Gure Esku Dagoko kideak.
Emakume, gizonezko, langile, ume, zahar, erretiratu eta arrantzale, guztiei giza katean parte hartzeko deia egin diete Arteagabeitiak. “Azken batean hori da guri indarra emango diguna erabakitzeko eskubide hori aldarrikatu ahal izateko. Jende zoriontsua izan nahi dugulako, herri libre batean”.
Lekeitioko Udalak herrian horrelako ekintzak antolatzea pozgarritzat jo du. «Lekeitioko bandera guretzako herriko bandera da. 33 traineru datoz eta Lekeitio bete egingo da, guretzako hori oso garrantzitsua da azkenean moilan behintzat ekonomia mugiaraztea eragiten duelako», adierazi du Koldo Goitia Lekeitioko alkateak.
Estropada hasi aurretik argazki erraldoi bat ere aterako dute talde guztietako erremolari guztiek GED-ren pankartagaz atxekimendua adierazteko.