Ispaster Herri Adeitsua proiektuaren diagnostikoa aurkeztuko dute
Bihar [ekainak 7] Iñigo Egiluz aretoan jarri dute hitzordua, 17:00etan.
Herri Lagunkoien proiektua udalek bideratzen dute. Iaz urte hasieran, udala Bizitzen Fundazioagaz harremanetan jarrita, proiektua nola bideratu zitekeen aztertzen hasi ziren. Gero, Osoko Bilkuran proiektua martxan jartzea onartu zuten, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntza dute proiektua gauzatzeko.
Beraz, iazko urte hasieran jarri zuten martxan Ispaster Adinekoekin Herri Lagunkoia bihurtzeko prozesu parte hartzailea, eta talde eragilea osatu zuten. Eta aurten egoeraren diagnostikoa egin dute. Horretarako, hainbat elkarte, zerbitzuetako profesionalen eta herritarren laguntza eduki du udalak, eta maiatzean herritar guztien artean galdetegiak banatu zituzten.
Aurretik, otsailean eta martxoan talde fokaletan bildu ziren, herritarreen iritzi kualitatiboa jasotzeko. Sei saio horietan pertsona nagusiekin, zaintzaileekin eta profesionalekin batu ziren. Horien ondorioak jasota dituzte.
Irailetik aurrera ekintza plana diseinatzen hasteko asmoa daukate, eta horretarako, lehentasunezko gaiak eta epeak zehaztuko dituzte. Ondoren, datozen hiru urteetan martxan izango dute plana.
Zortzi alderdi. Bizi kalitate osasuntsua dutenek zahartzaro aktiboa izatea da Herri Lagunkoiak proiektuaren oinarri nagusietako bat. Pertsona nagusiak protagonista bihurtuz, eurek eurentzat gura dutena zehazten da proiektuan, eta horretarako ondorengo zortzi puntuak aztertzen dituzte parte hartze prozesuan: etxebizitza, eraikin eta aire zabaleko guneak, garraioa, begirunea eta gizarteratzea, gizartean parte hartzea, komunikazioa eta informazioa, lana eta herritarren parte hartzea eta gizarte zerbitzuak eta osasunekoak. Pertsona nagusien beharrizanak eta eskariak aztertu ostean, herrian zer hobetu daitekeen jasotzen dute.