Emakumeen II. Berritxu Sariak 100 txirrindulari inguru batuko ditu
Emakumeen II. Berritxu Saria txirrindulari lasterketa lehiatuko dute bihar kadete, junior, 23 urtez azpiko eta elite mailetako txirrindulariek. Junior, 23 urtez azpiko eta eliteko Emakumeen Euskaldun Txapelketaren barruko lasterketa ere izango da.14:45...
14:45ean hasiko da kadeteen arteko lehia, eta gainontzekoek 16:30ean dute irteera ordua. Gaztetxoenek 42 kilometroko ibilbidea egingo dute, eta besteek, berriz, 75 kilometrokoa.
Kadeteak Berriatuan irten eta Ondarroara helduko dira, handik Berriatura bueltatu, eta Markina-Xemeinera joango dira. Ondoren, Milloitik Oletara heldu, eta Lekeitiorantza abiatuko dira. Mendexan, kostaldeko bidetik Ondarroara joan, eta handik helmugara ailegatuko dira. Nagusiek, ostera, ibilbide berari bi buelta emango dizkiote.
Parte hartzaile kopurua zapatuan bertan jakingo dute, baina Berriatuko Txirrindulari Elkarteko ordezkariek esan dutenez, iazko parte hartzea izatea espero dute: 103 txirrindulari egon ziren iaz.
Euskal Herriko taldeetako kideekin batera, Kantabriatik, Kataluniatik edota Madrildik etorritako taldeak batuko dira. Lasterketa lehiatuko duten txirrindula- rien artean, bakarra izango da etxekoa. Berangoko Bioracer taldeko Udane Bilbao berriatuarrak kadeteen lasterketan parte hartuko du, eta juniorretakoan lehiatuko da CAF taldeko Amaia Lartitegi busturiarra.
Sariak
Kadeteetan lehenengo hiru sailkatuak sarituko dituzte, eta Lea-Artibaiko lehenengoarentzat ere saria dago. Halaber, mendiko, tarteko helmugako eta taldekako sariak ere banatuko dituzte.
Nagusietan (junior, 23 urtez azpiko eta elite) lehenengo hirurek jasoko dute saria, baina, horrez gain, 23 urtez azpikoen kategoriako lehenengoa ere sarituko dute.