Aulestitik Mendexako Karraspio hondartzara joateko autobusa egongo da uztailean
Uztaileko astegunetan eskainiko dute zerbitzua. Autobusean joateko udaletxean izena ematea beharrezkoa da; honako hau da udaleko telefono zenbakia: 94-627 90 06. Lekuak mugatuak izango direnez, ekainaren 27a aurretik izena eman behar dela zehaztu dute Urzabal Guraso Elkartearen ordezkariek.
Aulestitik 15:15ean irtengo da autobusa, eta bueltarako orduari dagokionez, Karraspio hondartzan 19:45ean aterako da.
Eguneko prezioa 2,5 eurotan ezarri dute. Baina, asteko bonoa ere eskuratu ahalko da. Lau eguneko asteetan, 10 euroko bonoa egongo da, eta bost eguneko asteetan, berriz, 12,5 euro ordaindu beharko dira. Bestalde, joan-etorria egiteko eguneko tiketak 4 euro balioko ditu.
Hala ere, bonoa eskuratzen dutenek lehentasuna edukiko dute, beraz, eguneko tiketak mugatuak izango direla jakitera eman dute.
Autobusa betetzeko gutxieneko kopuruak izena eman ezean, ez da autobus zerbitzua egongo, eta hortaz, izena eman dutenei dirua itzuliko zaie.
Era berean, eguraldi txarragatik egun batzuetan zerbitzurik ez balego, uda bukaeran dagokion dirua bueltatuko liekete bonuak hartu dituzten herritarrei.
Abuztuan. Bestalde, guraso elkarteak abuztuan ere eskainiko du hondartzara joateko autobus zerbitzua. Orduan, baina, asteka antolatuko dute zerbitzua.