Aulestia Kaleak itxura berria du
Irisgarritasuna hobetzeko eta oinezkoei lehentasuna emateko asmoz herri lanak egin dituzte, segurtasuna bermatuz. Gehienezko abiadura 30 km orduko mugan ezarri duteAulestia kalea irisgarriago egin eta ibilgailuak astiroago pasatzeko helburuagaz herri l...
Irisgarritasuna hobetzeko eta oinezkoei lehentasuna emateko asmoz herri lanak egin dituzte, segurtasuna bermatuz. Gehienezko abiadura 30 km orduko mugan ezarri dute
Aulestia kalea irisgarriago egin eta ibilgailuak astiroago pasatzeko helburuagaz herri lanak egin dituzte. Eta, bide batez, herritarren segurtasuna ere bermatzea lortu dute.Bideak estutu eta estuguneak egin eta espaloiek gutxieneko zabalera bat izatea lortu dute, gurpildun zein umeek aulkiekin doazenak erosoago pasatzeko. Udaletxe parean autobus geralekua eta Behekalean zamalanetarako gunea ere zehaztu dituzte.
Gehienezko abiadura 30 kilometro ordutan ezarri dute, eta hori adierazten duten seinaleak jarrita dituzte, eta errepidean ere markatuko dute.
Oinezkoentzat bi pasabide jarri dituzte errepidearen maila berean. Bestalde, Alegi Kalerako oinezkoentzako bidea egiteko ere aprobetxatu dituzte obrak, bizilagunen aspaldiko eskariari erantzunez.
Mikel Ansotegi Jaio Aulestiko alkatearen berbetan, euren helburua lortu dutela nabaritu dute: «Ibilgailuak lehen baino geldiroago dabiltza, eta alde horretatik pozik gaude. Irisgarritasun aldetik ere helburua bete dela uste dugu, gutxieneko iriste erraztasuna bermatzen baita orain. Kalearen zabaleragatik ere espaloiak ezin dira gehiago zabaldu».
Galtzada harria kendu dute
Kalearen beheko partean zoladura dena konpondu dute. Lehen galtzada harria zegoen, eta behea mugitu, arrakala batzuk agertu, eta hormigoizko espaloia apurtu egin zen. Ondorioz, behetik gora ura filtratzen zen, eta basa pilatzen zen, eta denboragaz hondatzen joan da. Aurreikusitako baino obra handiagoa egin behar izan dutela azaldu du alkateak.
Dena altxatu dute; hormigoiagaz eta hagaxka oso indartsu bategaz beheko lauza ondo ipini eta asfaltatu egin dute. Leku batzuetan asfalto hori inprimatu egin dute. Atzerapenik ezean, asteon material berezi bat emango diote asfaltoari, eta horrela lanak amaituko dituzte.
Irisgarritasun lanetarako 38.282,02 euroko inbertsioa egin du udalak, eta hilerritik Sololuziarako tarteko lanetan, berriz, 91.462,96 euro inbertitu dituzte.
Diru laguntzak
Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza eduki du Aulestiko Udalak bi obra horiek egiteko. Alde batetik, Aulestia Kalerako, Azpiegitura Saileko 26.089,83 euroko diru laguntza jaso du, eta beste alde batetik, Beheko Kaleko lanak egiteko, 82.316,66 euroko laguntza jaso du Ustekabeen Sailetik.