Txapelketaz txapelketa, markak hobetzen ari dira Kosnoagako igerilariak
Junior eta absolutu kategorien Bizkaiko Txapelketan hamabi domina lortu dituzte. Taldeak diru iturri murritzak dituela eta, Udal Kirol Patronatuagaz batzartu dira laguntza eskatzekoKosnoaga Igeriketa Taldeko igerilariak denboraldi bikaina egiten ari di...
Junior eta absolutu kategorien Bizkaiko Txapelketan hamabi domina lortu dituzte. Taldeak diru iturri murritzak dituela eta, Udal Kirol Patronatuagaz batzartu dira laguntza eskatzeko
Kosnoaga Igeriketa Taldeko igerilariak denboraldi bikaina egiten ari dira. Urtez urte, maila altua dutela agerian uzten dute, gero-eta emaitza hobeak lortuz. Horren adibide dira asteburuan Santurtziko kiroldegian lehiatutako Bizkaiko Txapelketan junior eta absolutu kategorietan lortutako hamabi dominak.Urrezko lau medaila, zilarrezko hiru eta brontzezko bost eskuratu zituen talde gernikarrak. Juniorretan, Jone Otazuak hiru urrezko domina lortu zituen (200 m, 100 m eta 50 m bizkar estiloetan). Leire Begoñak 50 metroko tximeleta proban lortu zuen Bizkaiko txapeldun izatea, eta 100 metroko tximeleta modalitatean txapeldunorde geratu zen. Jomara Undabarrenak 200 metro estiloak modalitatean hirugarren postua eskuratu zuen. Timur Arrien 50 metroko bular estiloan sartu zen podiumean, brontzezko domina irabazita.
Absolutuetan, Garazi Bengoetxea txapeldunorde geratu zen 400 metroko estilo librean, eta modalitate bereko 200 metroko proban brontzea eskuratu zuen. Iraia Aranbarrik, berriz, 200 metroko bular estiloan irabazi zuen brontzezko domina. Bestalde, errelebokako bi probetan zilarrezko eta brontzezko dominak eskuratu zituzten. Hain zuzen, juniorren 4×100 m librean Ane Obietak, Iraia Aranbarrik, Maialen Foruriak eta Garazi Bengoetxeak brontzea lortu zuten. Absolutu kategoriako 4×100 m estiloan, ostera, zilarra irabazi zuten Aimar Ondarzak, Unai Uribek, Izei Carbok eta Imanol Lozak. Asteburu borobila izan zen denentzat, baina, batez ere, Ondarzarentzat. Izan ere, 100 metroko bizkar estiloko Bizkaiko errekorra hobetu zuen goizeko proban, bai eta arratsaldeko erreleboetako proban ere.
Gainera, Garazi Bengoetxeak, Irati Bengoetxeak eta Ane Obietak Espainiako Txapelketan parte hartu ahal izateko gutxieneko denborak lortu zituzten 50 m estilo librean, 200 m estilo librean eta 100 m bizkar estiloan, hurrenez hurren.
Asteburu honetan ere Santurtziko Kiroldegira bueltatuko da taldea. Bizkaiko Txikien eta Alebinen Txapelketa jokatuko dute. Hurrengo asteburuan Euskal Herriko Txapelketa lehiatuko dute, Galdakaon.
Kirol Patronatuari eskaria
Bestalde, Kosnoaga ITko arduradunek azaldu dutenez, gero eta emaitza hobeak lortzeak aparteko gastuak eragiten dizkie igerilarien familiei. Izan ere, kanpoan egin beharrreko egonaldiek gastu asko eragiten dizkiete: «Taldeak ahalegin handia egiten du familien gastuok leuntzeko, baina diru iturri murritzak ditu Kosnoagak. Horregatik, Gernikaren izena lau haizetara zabaltzen segitzeko asmoz, Udal Kirol Patronatuagaz ari gara hizketan; taldeak behar dituen sosak eskuratzeko proposamen serio eta bideragarria egin diogu».