Asteburuan Gijonen lehiatu zen Espainiako Txapelketan laugarren postuan gelditu da 400 metro hesietako proban Ainara Mugartegi Solozabal Durango Kirol Taldean ari den atleta markina-xemeindarra. Finalerdia irabazita eta 1.01.96 marka pertsonala eginda sartu zen finalean, eta domina lortzeko aukera handiak bazituen ere, atarian gelditu da.
Urduritasunak eta egokitu zitzaion kaleagaz izandako arazoek ez ziotela nahi bezalako lasterketa egiten utzi azaldu du Juan Ignacio Sanpedro Durango Kirol Taldeko arduradunak. “Beroketak ezin izan zituen ondo egin eta urduriegi atera zen”. Hala ere, lortutako markak oso onak direla nabarmendu du Sanpedrok. “Finalaurrekoan haize barik 1.01.96 egin zuen eta finalean haizeagaz 1.02.66”. Ainara Mugartegi agian, zapatuan [ekainak 30] egongo den nagusien Espainiako Txapelketara joango dela aurreratu du Durango Kirol Taldeko arduradunak. “Gehiago eman ahal duela ikusten du eta”.
Mugartegigaz gainera, Gijonen egon dira bai eta Lekeitioko Tximista atletismo taldeko Irati IriondoErkiaga eta Aiora AgirregomezkortaGandiaga atletak ere. 100 metro eta 200 metroko abiadura probetan parte hartu du Iriondok eta bietan finalaurrekoetaraino ailegatzea lortu du. 12.51 denbora egin zuen 100 metrotan eta 200 metrotan 25.76, eta emaitzekin oso pozik gelditu da.
Tximista taldeko Iriondo eta Agirregomezkorta Gijonen. Argazkia: Tximista
Agirregomezkortak, berriz 1.500 metroetan lehiatu zuen bigarren finalaurrekoetaraino helduz. 5.06 denboragaz finalen atarian gelditu zen. “Lasterketa gaitza izan zen arren ondo ibili zen, bere markaren inguruan”, azaldu du Aitor Salio Tximista taldeko arduradunak.
Bestalde, gutxieneko marka lortuta, Mikel Dolaraga Lekeitioko taldeko atleta ere, 20 urte azpikoen mailako Espainiako Txapelketa lehiatzekoa zen, baina bezperan gaixorik jarri eta Murtzian jokatu den txapelketara joaterik ez du eduki.
Kadeteak. Marka onak lortu dituzte bai ete Euskadiko 16 urte azpikoen Txapelketan ere Lea-Artibaiko atletek. Eskualdeko hamalau kirolari egon ziren Gasteizen lehiatu den norgehiagokan: Tximista taldeko Aiora Gogenola, Irati Maguregi eta Nere Aurrekoetxea, Durango Kirol Taldeko Mikel Ausan, Izaro Aranburu, Saioa Telleria, Xabat Oar-arteta, Igor Jaio, Izaro Larrinaga, June Arostegi, Gorka Mugartegi, Sara Asenjo eta Sarai Larrinaga, eta Durangaldea Running taldeko Jonan Bilbao.
Tximistako Gojenola, Maguregi eta Aurrekoetxea. Argazkia: Tximista
Urrezko eta zilarrezko dominak irabazi eta Euskadiko txapeldun eta azpitxapeldun gelditu ziren 3km martxan Aiora Gogenola lekeitiarra eta Saioa Telleria markina-xemeindarra. 16.42 denbora eginez irabazi zuen proba Gogenolak eta bigarren gelditu zen Telleria 16.45.49 denboragaz. Bi atletek izugarrizko proba egin zuten marka pertsonalak hobetuz. 20 segundotan hobetu zuen aurretik zeukan denbora Gogenolak eta minutu batean jaitsi zuen marka Telleriak.
Durango Kirol Taldean dauden Lea-Artibaiko atleta batzuk. Argazkia: Durango Kirol Taldea
Euskadiko azpitxapelduna da bai eta ere Jonan Bilbao markina-xemeindarra. 1.000 metroko lasterketan 2.47.90 denbora eginda zilarra lortu zuen. Igor Jaio aulestiarra ere podiumera igo zen xabalinan eta zilarra jantzi zuen. Brontzezko dominak eskuratu zituzten Sarai Larrinaga etxebarritarrak xabalinan, Sara Asenjo aulstiarrak diskoan eta Izaro Aranburu aulestiarrak 1.000 metroko lasterketan.
Jonan Bilbao podiumean.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.