Berriro ere Bizkaiko Herriarteko txapelaren jabe egin da Markina-Xemeingo Esku Pelota taldea. Norgehiagoka gogorraren ostean 1-2 irabazi zioten atzo [ekainak 24] Amorebieta Etxanoko taldeari, Zornotzan jokatu zen finalean.
Pozik dago taldea, eta afizionatu mailan dagoen kluben arteko txapelketa garrantzitsuena irabaztea “gozamen handia” dela azpimarratu du Pello Urionabarrenetxea taldeko entrenatzaileak. Bizkaiko Herriartekoa irabazten duten
seigarren aldia izan da aurtengoa.
Bizkaiko Herriarteko Txapelketako irabazleak, entrenatzaileak eta arduradunak. Argazkia: Markina-Xemeingo Esku Pelota Taldea
Urduritasunez betetako finala izan zen atzokoa. Amorebieta-Etxanoko bikotea zaharragoa izanik, aurreikusten zuten modura,
kadeteek 22 eta 8 galdu zuten, eta
gazteek berriz, 22 eta 9 irabazi. 12-0 jarri ziren aurretik Markina-Xemeingo gazteak eta abantaila horregaz lasai jokatu zuten Agirreamalloak eta Malasetxebarriak amaierara arte. Nagusien partidua izan zen beraz, erabakiorra, eta talde bietako pilotariak dena ematera atera ziren.
Markagailua pareko ibili zen momentu askotan. Markina-Xemeingo taldeko Albizu eta Ibarloza irabazten hasi ziren 3-0, baina berehala 7ra berdindu zuten. 14-8 ihes egitea ere lortu zuten, baina akats batzuen ondorioz, Amorobieta-Etxanoko bikoteak berriz 14ko berdinketa lortu zuen. Hala ere, Albizu eta Ibarloza ez zeuden garaipena eskuetatik ihes egiten uzteko prest eta 18 eta 14 irabazten jarri ziren berriz ere. Hala, apurka-apurka markagailuan gora egin zuten
22 eta 17 irabaztea lortu zutenera arte.
“Tanto luze eta borrokatuak egon ziren eta
partida luze eta gogorra jokatu zuten bikoteek. Ordu bete eta laurden iraun zuen norgehiagokak”, zehaztu du Urionabarrenetxeak.
Bizkaiko Txapeldunak
Euskal Herriko Txapelketa jokatuko dute orain. Nafarroa, Gipuzkoa eta Arabako talderik onenak izango dituzte aurkari. Norgehiagoka zelan jokatuko duten zehaztu barik dago oraindik, finala ostera, uztailaren 22an izango da.
Herriarteko Txiki irabazi duten pilotariak eta arduradunak. Argazkia: Markina-Xemeingo Esku Pelota Taldea
Bestalde, Zaldibarren jokatu zen
txikien mailako herriarteko txapelketa ere irabazi du Markina-Xemeingo Esku Pelota Taldeak. Idigoras eta Calvok jokatu zuten alebin mailan eta Ibarlozak eta Pascualek txikien mailan. Partidu biak irabazita 2018ko Bizkaiko Herriarteko Txikiko txapeldunak bihurtu ziren.