Ondarru-Lekitto kostaldeko hirugarren lasterketa aurkeztu dute gaur Lekeition,
Tximista Atletismo Taldeko arduradunek lasterketaren laguntzaile diren eskualdeko udal ezberdinetako eta Lea-Artibaiko Amankomunazgoko ordezkariekin lagunduta. Lea-Artibai mailan «herri eta sentsibilitate ezberdinak batzen dituen holako lasterketa bat egitea polita dela» adierazi du Eneko Atxa Tximistako lehendakariak aspalditik zeukaten proiektua zela gogoratuz. Irailaren 22rako prestatu dute aurtengoa.
Lasterketa aurreko urteetako modukoa izango dela aurreratu du Alberto Agirregomezkorta Tximistako kideak. Hala, ia 16 kilometroko lasterketa izango da, Ondarroa eta Lekeitio lotzen dituen kostaldeko errepidetik zehar, baina hiru aldaketa txiki egongo dira. Alde batetik, izena emateko epea
irailaren 20an amaituko da, beraz, bertan egunean ez da izena emateko aukerarik egongo ez eta bezperan ere. Bestalde, parte hartzaile kopurua ere mugatu egin dute. «Ez dugu uste aurten kopuru horretara iritsiko garenik, baina
500 parte hartzaileko muga bat jarri dugu. Batez ere herri barruko zeharkaldietarako eta segurtasun alderditik aurrera begira ere arazorik ez edukitzeko, kopuru hori jartzea garrantzitsua dela uste dugu».
Azkenik,
sari berri bi jarri dituzte. Horrela, lehenengo helmugaratzen diren lau herri berdineko emakumeentzako 200 euroko sari bat, eta lehenengo helmugaratzen diren herri berdineko lehenengo lau gizonezkoentzako ere 200 euroko sari bat egongo da euren artean banatzeko. «Honen helburua herri mailako giroa pizka bat piztea izan da, batez ere Lea-Artibain. Nahiz eta lasterketa ez dagoen mugatuta eskualdera parte hartzaile kopuru nagusiena Lea-Artibaiko herrietakoa denez, ea sari berezi honegaz herri mailako giroa sustatzen dugun».
Horrez gain, berdin mantendu dituzte aurreko urte bietako sariak: sailkapen nagusian lehenengo hiru emakume eta hiru gizonezkoek edukiko dute ordain saria eta oroigarria, eta Lea-Artibai mailan ere egongo dira sariak, Lea-Artibaiko lehen hiru emakumeak eta lehen hiru gizonezkoek eramango dute ordain saria eta oroigarria. «Lasterketaren irabazleek gainera txapela eta Silken hotelaren sari berezia jasoko dute».
Autobusak. Lasterketan parte hartzeko izen emotea ere zabaldu dute. Urtero bezala
herrikrosa-ren webgunean eman beharko da izena. Iaz bezala, gainera, autobus zerbitzua ere egongo da, bai eta kontsigna zerbitzua ere. «Irteera Ondarroan denez, Lekeitiotik autobusak egongo dira irteerara joateko, han konsigna bat egongo da gauzak izteko eta guk ekarriko ditugu Lekeitiora. Lasterketa eta gero, berriz Ondarroara joateko autobusa egongo da sari banaketaren ostean».
Bidean, likidoen anoa postuak egongo dira, eta Lekeitioko helmugan jatekoa ere egongo da. Horrez gain kamisetak izango dituzte parte hartzaileek opari.