Barrakak egongo dira uztailaren 6tik 16ra bitartean Markina-Xemeingo udaletxe osteko aparkalekuan
Markina-Xemeingo Udalak jakitera eman duenez, aurtengo Karmen jaietan ere, barrakak udaletxe osteko aparkalekuan egongo dira. Hori dela eta, uztailaren 6tik 16ra arte debekatuta egongo da Markina-Xemeingo udaletxe osteko aparkalekuan kotxeak uztea.
Aparkalekua ezingo denez erabili, egun horietarako beste espazio batzuk egokituko dituztela zehaztu dute, eta jaiak hasi aurretik, Frai Bartolome kaletik udaletxera doan errepidea ere itxi egingo dela aurreratu dute «jai egunetan barraken guneko segurtasuna bermatzeko».
Umeen egun bi. Barrakak joan den urteko berberak izango direla azaldu du udalak eta bidaiaren prezioa gehienez 2 eurokoa izango dela aitatu dute, bonoekin merkeago. Bestalde, aurten, bi egun izendatu dituzte umeen egun bezala, uztailak 11 eta 12. Egun horietan barraken bidaiaren prezioa gehienez euro batekoa izango da.