Aitzol Etxaburu Artetxe preso ondarrutarra hurreratu egin dute
Aitzol Etxaburu Artetxe preso ondarrutarra Clairvaix-eko (Frantzia) espetxetik Mont de Marsan-eko (Frantzia) espetxera lekualdatu zuten herenegun gauean. Senideek atzo goizean jakin zuten espetxez aldatu zutela. Lehen Ondarroatik 1.028 kilometrora zego...
Senideek atzo HITZA-ri esan ziotenez, ez dakite askoz gehiago. «Dakiguna da hurreratu egin dutela, eta hori poztekoa da, nola ez. Lehen 1.028 kilometrora zegoen, eta orain 2 ordu eta erditan edo asko jota hiru ordutan bertan egoteko moduan gaude. Dena dela, orduak pasa ahala gu ere informazioa jasotzen ari gara».
Halaber, senideek gaineratu dute Etxaburuk euro bateko deia egin ahal izan zuela atzo goizean. «Euro batekin Frantziatik Euskal Herrira deitzea ezebeza da, telefonoa hartzeak ia-ia euro bat balio du eta». Dena dela, eta oraindik gauzak argi-argi ez badituzte ere, bisitak egiterakoan zailago edukiko dutela uste dute. «Lehen goizez eta arratsaldez bisitatu ahal genuen, baina orain, uste dugunaren arabera, bakarrik bi orduko bisitak jaso ahal ditu. Frantziako espetxe bakoitzak ezberdin funtzionatzen du bisitekin».
Etxaburuk Euskal Herrira hurreratzeko eskaera eginda zeukala ere esan dute senideek. «Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) eztabaida hasi zuenean, Aitzolek ere gainerako preso guztiekin batera egin zuen eskaera».
Frantziak euskal presoak Euskal Herrira hurreratzen hasteko erabakia hartu zuenetik Etxaburu hurreratzen duten hamabosgarren preso politikoa da.
Zortzi urte, lau espetxe
2009ko abuztuan Alpeetan atxilotu zuten Etxaburu, eta 2015era arte Fleury-Merogis-eko (Frantzia) espetxean egon zen behin-behineko espetxealdian. 2015 urteko ekainean Clairvaix-eko (Frantzia) espetxera lekualdatu zuten. Bada, atzo gauetik, Mont de Marsan-eko espetxean dago.