Pasealekuko frontoia konpontzen ari dira, pilota herrira hurbiltzeko
Arkupe Pilota Taldekoek astero hainbat partidu eta entrenamendu egin gura dituzte frontoian. Gernika-Lumoko Udala frontisa margotzen eta zorua egokitzen ari daEskupilota herrira hurbiltzeko eta plazara ateratzeko asmoz berriztatuko dute Gernika-Lumoko...
Arkupe Pilota Taldekoek astero hainbat partidu eta entrenamendu egin gura dituzte frontoian. Gernika-Lumoko Udala frontisa margotzen eta zorua egokitzen ari da
Eskupilota herrira hurbiltzeko eta plazara ateratzeko asmoz berriztatuko dute Gernika-Lumoko Pasealekuko frontoia. Hain zuzen, hori da udalaren eta Arkupe Pilota Taldearen helburu nagusia. Ume, gazte zein helduek pilotan jokatzeko bilgunea izatea gura dute Pasealekuko frontoia, eta herritarrei ingurua errespetatzeko eskatu diete.«Hemen sortu zen Arkupe Pilota Taldea», adierazi du Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak. 1979. urtean sortu zuten, eta izena Pasealekuko frontoitik hartu zuten, Arkupean jokatzen zutelako.
Jesus Madariaga da klubaren sortzaileetariko bat: «Antzina arkupeetan egiten zen pilotan. Lehenago frontoi zaharra egon zen, eta hura kentzean hau zen erdigunea. Garai hartan, elkarte gastronomikoek antolatzen zituzten eskupilota txapelketak».
Antzinako tradizioa berreskuratuta eta pilota kalera aterata, Pasealekuari bestelako giroa edota bizitasuna ematea dute helburu. Gernika-Lumon zein inguruko herri txikietan eskupilotan elizpeetan jokatzen zutela azaldu dute.
Alkateak gogora ekarri du orain dela 30 urte arte Pasealekuan pilotan jokatzen zutela: «Bi leku egon ziren, bata, hau zen, nesken eskola azpian, eta bestea gaur egungo goiko eskaileren parean dagoena. Pasealekuak bizitasun itzela zeukan; pilotan zein bestelako jolasetan ume asko egoten ziren. Bizitasun hori ere berreskuratu gura dugu».
2018-2019 ikasturtea
Raimundo Oar-Arteta Arkupe Pilota Taldeko lehendakariak esan duenez, astero-astero hainbat partidu eta entrenamendu egin gura dituzte Pasealekuko frontoian eta txapelketak antolatu nahi dituzte. «Oraindik egutegia zehaztu barik daukagu, baina hori da gure asmoa».
Orain arte egin moduan, Santanapeko frontoian ere entrenatzen jarraituko dute, baina datorren ikasturtetik aurrera, bi lekuetan egongo direla dio. «Batez ere herriko jendeak ikus dezala Gernikan oraindik ere pilotara jokatzen dela. Santanape jendearentzat urrun geratzen da, eta pilota ikusteko bertara joan behar da. Hau, berriz, jendeak ikusteko eta herritarrak hurbiltzeko leku aproposa da». Euren entrenamenduak ikusita, umeak taldera hurbiltzeko modua ere izan daitekeela uste dute.a
Madariagak frontoia egokitu, eta herriko pilota taldea bertan presente egotearen garrantzia nabarmendu du. Haren berbetan, garai batean legez, orain ere domekero partiduak egotea bultzatuko dute: «Sasoi batean, domeketako mezaren ostean hemen jende asko aritzen zen pilotaka. Gerra aurretik, esate ba- terako, hogeitik gora pilotari profesional egon ziren Gernikan, eta hemendik atera ziren. Jende askok egiten zuen pilotan». Pilotari zein Pasealekuari berari mesede egingo diotela deritzote.
Frontisa margotzen eta zorua egokitzen ari dira. «Lauza batzuk apurtuta egon dira, eta behekaldea ondo jarri gura dugu», zehaztu du Gorroñok.