Amankomunazgoak hondakinak batzeko ibilgailu berriak erosi ditu
«Langileen segurtasuna bermatzeko» eta herritarrei «zerbitzu hobea» eskaintzeko berritu dute flota. Berrikuntzetako bat da puntu garbi moduan herriz herri ibiliko den kamioi txiki batHondakinak biltzeko zerbitzua kudeatuko duen enpresagaz zortzi ur...
«Langileen segurtasuna bermatzeko» eta herritarrei «zerbitzu hobea» eskaintzeko berritu dute flota. Berrikuntzetako bat da puntu garbi moduan herriz herri ibiliko den kamioi txiki bat
Hondakinak biltzeko zerbitzua kudeatuko duen enpresagaz zortzi urteko kontratua sinatzeko erabakia hartu eta gero, Lea-Artibai Amankomunazgoak beste pauso bat eman nahi izan du, eta ibilgailu flota berria eskuratu du.«Kontratua sinatzeko baldintza bat zen ibilgailu flota berritzea, batez ere, langileen segurtasuna bermatzeko», azaldu du Rakel Elu Lea-Artibai Amankomunazgoaren lehendakariak. Horrez gain, herritarrei «zerbitzu hobeagoa» eskaintzearen alde ere egin dutela gaineratu du. Ibilgailu berriak gaurtik aurrera ibiliko dira herririk herri.
Zehatz esateko, papera eta kartoia, organikoa eta errefuxa biltzeko bi kamioi berri eskuratu dituzte. Horiez gain, bolumen handiko gauzak jasotzeko kamioi txiki bat ere eskuratu dute. «Kamioi txiki hori astean behin edo pasatuko da herri bakoitzetik. Eta orain arte modura, hondakin horiek atera aurretik herritarrek telefonoz deitu beharko dute».
Kamioi txiki horrek, baina, bestelako funtzioa ere edukiko du. Izan ere, berrikuntzetako bat da herriz herri pasatuko den puntu garbi mugikor txiki bat. «Kamioi txiki hori hilean behin-edo pasatuko da herrietatik, eta hara bota ahalko dira beste edukiontzietara bota ezin diren hondakinak: fluoreszenteak, inpresorek erabiltzen dituzten tonerrak, CDak…». Azaldu dutenez, hondakin «berezi» horiek kamioi horretan sartzeko, herritarrak eurak igo ahalko dira kamioira, atzeko aldean daukan eskailera txiki bat erabilita. «Igo ezin diren herritarrei teknikoek hartuko dizkiete hondakinak». Bilketa egin eta gero, kamioi horrek bideratuko ditu hondakin horiek dagokien lekura.
Puntu garbi mugikor moduan funtzionatuko duen ibilgailu horren maiztasuna oraindik ere zehazteko daukatela esan du Eluk. «Zerbitzua martxan ipini eta gero, herri bakoitzeko beharrak ikusiko ditugu, eta egutegia horren arabera finkatuko dugu».
Kontrolerako eta errepasoa egiteko furgoneta bat ere eskuratu dute. «Horrek, kamioi handiek hondakinak bildu eta gero, guneak errepasatuko ditu».
Furgoneta hidrogabritzaile bat ere erosi dute, edukiontziak eta horiek kokatuta daude guneak garbitzeko.
Zerbitzua, 2005etik
Flota berria aurkezteko agerraldia atzo egin zuten, Markina-Xemeinen. Horretan parte hartu zuten Amankomunazgoko ordezkari eta langileek, hondakin bilketagaz arduratzen diren eta UTE taldea osatzen duten FCC, VTR eta GMSM enpresetako langileek eta udaletako ordezkariak.
Amankomunazgoa 2005eko apirilaren 1ean hasi zen hondakinak biltzeko zerbitzua modu bateratuan eskaintzen. «Hasieran Amankomunazgoa osatzen duten herri guztiak zerbitzu bateratuan ez bazauden ere, gerora, gainerako herriak atxikitzen joan dira».
Hamahiru urte hauetan, hondakinak biltzeko zerbitzua enpresa desberdinek kudeatu izan dute. «Orain, kontratua berritzerakoan, zeuden gabeziak aztertu eta horiei erantzun bat ematea erabaki genuen».