Irailaren 22an egingo dute Ispasterko Nekazal Azoka, eta bertan salmenta posturen bat jarri nahi dutenentzat aste honetan zabaldu dute izen ematea.
Ekoizleek, baserritarrek zein artisau edo bestelako sortzaileek
udaletxean izena eman behar dute. Honako hau da bertako telefono zenbakia: 94-684 29 99. Izena emateko epea
abuztuaren 10a arte ezarri dute.
Animalien kasuan
herriko abereek lehentasuna izango dutela jakitera eman dute.
Ispasterko Udalak
dietak ordainduko dizkie abereen jabeei. Animali txikien kasuan izan ezik, gainontzekoetan, espezie bakoitzeko ez dute dieta bat baino gehiago ordainduko. 10 euro, 80 euro, 100 euro eta 140 euroko dietak aurreikusi dituzte.
Halaber,
espezieka gutxieneko kopuruak zehaztu dituzte. Ahuntzetan eta ardietan 6 burutan jarri dute gutxieneko kopurua; ahuntzetan, akerra eta bost ahuntz, eta ardietan aharia eta bost ardi. Idietan, behietan astoetan eta zaldietan bi buru egon beharko dira gutxienez, eta ponietan, berriz, lau buru. Animali txikiei dagokienez, kaiolako lau burutan jarri dute gutxienekoa.
Garraioa zein animaliei egin beharreko analisiak jabeek egin beharko dituzte, eta indarrean dauden arauak bete behar dituzte; mikrotxipa izatea eta beren datuen txartela ondo beteta izatea, besteren artean.