Aldarrikapenez beteta ospatu dute Ondarroan V. Txapel Eguna
[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Urte osoan gordeta egon den txapela atera aurretik, baina, antolatzaileek Karenka elkarteak egiten duen lana azpimarratu nahi izan dute. Eta horretarako elkarteko kide baten laguntza eduki dute. “Elkarteari Karenka izena jarri genion, aniztasun funtzionala dutenen egoera aurrez-aurre ikusi behar delako, eta ulertu behar delako pertsona horiek zeintzuk behar dituzten”. Elkarteari esker gauza asko lortu direla ere azpimarratu dute bai antolatzaileek eta baita elkarteko kideak ere. “Dena dela, herritar guztioi eskaera egin nahi dizuegu: zuen egunerokotasunean, aniztasun funtzionala duen pertsona batekin gurutzatu eta harek arazoren bat daukala ikusten baduzue, lagundu. Azken finean, herritarrok gara herri hobea egiten dugunak, eta elkar lagundu behar dugu”.[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Eskaera zuzen bat ere egin du elkarteko kideak: “Mesedez, aniztasun funtzionala dutenentzako aparkalekuetan ez aparkatu. Errespetatu dezagun hori. Gune horietan txartela daukatenek aparkatu ahal dute, eta ez beste inork. Beraz, puntu horretan zero tolerantzia edukitzea eskatzen dugu. Batek esan ahal du bost minutuko kontua izan dela, baina aniztasun funtzionala duenarentzako bestearen bost minutuko kontuak ordubeteko gorabehera suposatu ahal dio”. Aldarrikapenak eta eskaerak eginda, denek esperotako momentua ailegatu da: txapela ateratzekoa. Zubi Zaharraren aurrean batu dira herritarrak, eta Karenka elkarteko kideek euren sorbaldetan hartu dute txapel erraldoia. Musikarien laguntzagaz, kalejiran abiatu dira denak, Musika Plazarantz. Hara heldu eta gero, musika lagun, festak aurrera jarraitu du.