Eguaztenean [irailak 12] egingo den Espainiako Vueltaren 17. etapak eragina izango du zirkulazioan. Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, eraginik handiena Bilbo inguruan izango du, bi aldiz igaroko dira eta bertatik, baina Lea-Artibai-ko errepideetan ere aldaketak egongo dira.
Etapa Getxoko kirol portuan hasi eta Oiz mendian amaituko da, Bizkaiko hainbat eskualde zeharkatu ondoren. 13:00etan hasiko da. 15:00etatik aurrera eragina Derio eta Mungiara iritsiko da, eta geroago Bermeotik Gernikarako tartera.
16:30etik aurrera Gernika eta
Bizkaiko Balkoiaren arteko eta
Munitibar,
Santa Eufemia eta
Ziortza-Bolibar inguruetako zirkulazioan izango du eragina. 18:30ak aldera amituko da etapa Oiz mendian.
Espainiako Itzulia. Argazkia: Caja Rural Team
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Oiz mendiaren inguruetako pistetan ezin izango da aparkatu. “Ertzaintzak ibilgailurik barik utziko ditu
Bizkaiko Balkoitik Oiz mendira doan pista eta San Kristobal ermitaren ondotik Garai-Goiuria errepidera (BI 3341) iristen den pista. Pista horietako sarbideetan kontrolak ezarriko dira aurreko egunetik hasita, eta patruilak bertara iristen diren pertsonek ibilgailuak pista horietan edo bazterrean ez aparkatzeaz arduratuko dira, ibilgailu astunen zirkulazioa zaildu ez dadin”.
Aurreko gauetik itxita. Zehaztu dutenez, lasterketa iritsi aurreko gauetik hasita, ibilgailuak ezin izango dira helmugaren inguruetan ibili, “beharrezkoak diren azpiegiturak muntatzeko lanetan segurtasuna bermatu ahal izan dadin”. Gainera, pisten ondoko inguruetan dauden
aparkalekuak beteta daudela ikusten dutenean, ibilgailuak ezin izango dira Oiz mendira abiatu. “Aurreikusitakoaren arabera, lasterketaren aurreko gauean gertatuko da egoera hori, eta, beraz, eguaztenean ezin izango da ibilgailuarekin inguru horretara hurbildu”.
Horrez gain, eguazteneko 12:00etatik aurrera, BI-3341 errepidea moztuta geratuko da Garaitik Goiuriarako noranzkoan, Santa Katalina ermitaren eta Oiz mendirako sarbidea ematen duen pistaren artean, bertan aparkatuko dute eta txirrindulari taldeen autobusek. Etapa amaitzean, bi noranzkoak geratuko dira itxita, txirrindulariak eta bizikletak autobusetara igotzen diren arte (ordubete inguru).