Ugarein Xistera Zirkuitoko bi torneo erabaki dira asteburuan: Donibane Lohizunekoa eta Lekeitiokoa.
Goixerrik eta
Ibarluzeak irabazi dute Lekeitioko Torneoa nagusien mailan eta
Gonzalezek eta
Galletebeitiak gazteetan.
Antxon Alberdi etxebarritarra eta
Mikel Manzisidor mutrikuarra izan dira Donibane Lohizuneko nagusien mailako txapeldunak eta Vidal eta De Betelu nagusitu dira gazteetan.
Zapatuan [irailak 8] izan ziren kanporaketak Lekeition. Kinielak oso estuak izan ziren eta berdintasuna izan zen nagusi bikoteen artean. Hala, nagusien mailan, Goixerri-Ibarluzea eta Urriolabeitia-Ourthe bikoteek egin zuten aurrera, domekako finalerako.
Lekeitioko Ugarein Xistera Zirkuituko finalak. Argazkia: Xistera
Aurreikuspenak beteta, 2-0 irabazi zieten Goixerrik eta Ibarluzeak Urriolabeitiari eta Ourtheri (15-12 eta 15-11), dena dela, nahiz eta joko bietan aurrea eraman, lan asko egin behar izan zuten garaipena eskuratzeko. Lehen setean berdintasuna egon zen jokoan eta markagailuan, bederatziko berdinketaren ostean jarri ziren garaileak aurretik. Bigarren jokoan ere berdin, alde gutxiko tarteagaz jarri ziren aurretik irabazleak, zortziko berdinketaren ostean.
Emozioz betetako finala izan zen gazteena; azkenengo jokoko azken tantoan erabaki zen finala. Galletebeitia eta Mandiola (gorriak) hasi ziren agintzen lehenengo setean, baina zortzinako berdinketaren ostean, Gonzalez eta Galletebeitia (urdinak) jarri ziren aurretik, eta garaipena bere egin zuten. Bigarren setean adiago ibili ziren Galletebeitia eta Mandiola, eta ez zioten garaipenari ihes egiten utzi. Beraz, txapeldunak erabakitzeko, berdinketa hautsi behar izan zuten hirugarren set bategaz, eta azken tantora arte ez zen jokoa erabaki. Azken tantoa urdin joan zen eta Gonzalezek eta Galletebeitiak eraman zuten torneoa, 1-2 emaitzagaz (11-15, 15-11 eta 4-5).
Donibane Lohizune. 700 ikusletik gora batu ziren barikuan [irailak 7], Donibane Lohizuneko Campos Berri pilotalekuan, finalak ikusteko. Antxonek eta Mancik hasieratik hartu zituzten mendean Iturrino eta Zugaitz lapurtarrak eta ez zieten ezelako aukerarik eman. Etxebarrikoa eta mutrikuarra nagusi izan ziren lehen jokoan eta 15-6 emaitza lortu zuten.
Donibane Lohizuneko Ugarein Xistera Zirkuitoko torneoa. Argazkia: Xistera
Bigarren jokoan, berriz, aurretik jarri ziren Iturrino eta Zugaitz, eta lehenengo sei tantoetan gogor eutsi zioten markagailuko nagusitasunari. Hortik aurrera, baina, faboritoek hartu zuten aurrea ostera ere, eta eurentzat izan zen garaipena (15-7).
Gazte mailan Jouantegi eta Oienard zuberotarrak ziren faboritoak, baina urduritasunak gehiago eginda agian, ez zuten ohiko mailarik erakutsi, eta 12-15 eta 14-15 galdu zituzten joko biak.
Mutriku. Zapatu eguerdian jokatu ziren Mutrikuko kanporaketak, kiniela erara. Nagusien mailan
Aaron Gonzalez de Matauco eta Manci izan ziren nagusi. Hasieratik alde handia lortu zuten, eta eurentzat izan zen lehen postua. Bigarren,
Zuloaga eta Lazaro sailkatu ziren eta eurak ere jokatuko dute finala.
Gazte mailan, berriz,
Perez eta Mendizabal jaun eta jabe izan ziren, lehen postua lortuz, eta bigarren
Arrillaga eta Iparragirre sailkatu ziren. Zapatu [irailak 15] gauean jokatuko dira finalak.