AENORek UNE-EN ISO 9001:2015 eta UNE-EN ISO 14001:2015 ziurtagiriak eman dizkie Bizkaiko Foru Aldundiari eta 15 udalei. Ziurtagiria jaso dutenen artean ondoko hondartzak daude: Ogella (Ispaster), Isuntza (Lekeitio), Karraspio (Mendexa) eta Arrigorri (Ondarroa).
Ziurtagiriak hondartzen kudeaketa integratua aitortzen du. “Ziurtagiri hauek Bizkaiko hondartzen kudeaketa integratuaren sistemaren barruan lan egiten dugun erakunde guztiok egiten dugun ahaleginaren adibiderik onena dira. Ahalegin hori etenik gabekoa eta mailakatua izan da 2001etik gaur egunera arte, eta
helburua beti izan da herritarrei kalitatezko zerbitzuak eskaintzea, betiere gure hondartzek eratzen duten esparru naturala babestuz”, dio Unai Gangoiti Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko zuzendariak.
Behean, ezkerretik hasita bigarren eta hirugarren, Jesus Maria Anakabe Txakartegi (Mendexako alkatea) eta Garbiñe Saez de Buruaga (Ispasterko alkatea); erdian, eskumatik bigarrena, Eneritz Basurko (Ondarroako alkateordea); goian, eskumatik bigarrena, Koldo Goitia (Lekeitioko alkatea).
Luz Emparanza AENORen Euskal Autonomia Erkidegoko zuzendariak Bizkaiko Foru Aldundiak garapen jasangarriarekin daukan konpromisoa azpimarratu du. “Ziurtagiri bikoitzak
Bizkaiko Foru Aldundiak garapen jasangarriarekin daukan konpromisoa azpimarratzen du. Eta hori, azken batean, berme bat da hondartza horietako erabiltzaileentzako”.
Ziurtagiria emateko
ebaluatzaileek hondartzetan egiten diren jarduera guztiak kontuan hartzen dituzte: kontrol sanitarioa, hondartzetako zaintza eta ekipamendua, kultura eta zabalkunde jardueren sustapena eta kontrola, sarbideen hobekuntza, aniztasun funtzionala duten pertsonentzako zerbitzuen ezarpena, edota hondartzen erabilerari buruzko ordenantzak garatzea, hondartza guztietan antzeko betekizunak ezarriz.