Urriaren 6an jokatuko den Xisterako Interjai Txapelketako finalak erabakita gelditu dira asteburuan.
Goixerri eta Andonegi mutrikuarrak izango dira
Antxon eta Ibarluzea Etxebarriko puntisten aurka ariko diren pilotariak. Hiru bikote lehiatu ziren zapatuan [irailak 22] Donibane Lohizuneko Campos Berri Jai Alai pilotalekuan zein baino zein gehiago finalerako txartela lortzeko lehian eta mutrikuarrak nagusi izan ziren ia hasieratik.
Andonegi eta Goixerri pilotariak. Argazkia: Xistera
Andonegik sekulako neurketa egin zuen atzean eta Goixerrik ez zuen barkatu aurrean tantoak lortuz bata bestearen atzetik. Xisterak jakitera eman duenez, aurrelari mutrikuarrak bihurritua eduki zuen orkatilan kinielaren erdialdera, “baina hala ere berea ederki egin zuen”. Bailo eta Manzi saiatu ziren irabazleei eusten, baina mutrikuarrek garaipenari eustea lortu zuten.
Sarrera bikaina eduki zuen Donibane Lohizuneko Campos Berri Jai Alai pilotalekuak, jakitera eman dutenez, 500 ikuslek bete zituzten harmailak.
Pilotazaleek bosgarren eta seigarren posturako norgehiagoka ikusteko aukera ere eduki zuten. Iturrino eta Susoren ordez
Mandiola eta
Tocoullet-ek jokatu zuten Etxeberri eta
Zugaitzen kontrako kiniela. Lehen jokoa Mandiolak eta Tocoulletek irabazi zuten 7-13, bigarrenean emaitza errepikatu egin zen, baina alderantziz 13-7, eta beraz, hirugarren jokoan emozioa izan zen nagusi.Etxeberri eta Zugaitzek eraman zuten partidaren ardura, baina Mandiola eta Tocoulletek launako berdinketa lortu zuten. Azken tantua izan zen erabakiorra eta garaipena Etxeberri eta Zugaitzen aldera joan zen.
Nesken zirkuitua. Interjai txapelketagaz gainera, nesken zirkuituko partida bi jokatu ziren domekan [irailak 23] Donibane Lohizunen. Bietan, gainera, gaztetxoen kinielak jokatu ziren aurretik, Xisterak azpimarratu duenez, “emakumezkoetan ere etorkizuna badagoela erakutsiz”.
Aldazabal eta Arriola pilotariak. Argazkia: Xistera
Zirkuituari dagokionez, aurrelariak izan ziren protagonista
Ortiz de Mendibil-Hirigoien eta
Aldazabal-Arriola bikoteen arteko norgehiagokan. Sakeagaz min handia egin zuten batak eta besteak. Lehen jokoan 8-8 eta 9-9 berdinduta ibili ziren bikoteak, baina Aldazabal eta Arriola indartu eta erasoari ekin zioten lehen puntua eskuratuz. Bigarren jokoan erabat nagusitu ziren Aldazabal eta Arriola, aurkariei ezelako aukerarik eman barik.
Jauregi-Lizardi eta
Cariteau-Hirigoien neurtu ziren domekako bigarren partiduan. Lehen jokoaren erdira arte estu ibili ziren Jauregi eta Lizardi, baina kantxaren jabe egitea lortu eta lehen puntua bere egin zuten. Bigarren jokoan, berriz, emozioa laugarren tantora arte ailegatu zen bakarrik. Jauregik eta Lizardik Cariteauk eta Hirigoienek hartutako abantailari buelta ematen jakin zuten eta neurketa kontrolpean hartu zuten bigarren puntua ere lortuz.