Ander Valentin pilotu nafarrak irabazi du Ereñoko Motokrosa
Aiegiko moto gidagia nahikoa erraz nagusitu da Gabika auzoan lehiatutako Euskadiko Txapelketako 4. proban. Kategoria guztiak kontuan hartuta, 70 pilotuk parte hartu duteEreñoko Motokrosean ez da ezustekorik egon aurten. Ander Valentin nafarrak, elite ...
Aiegiko moto gidagia nahikoa erraz nagusitu da Gabika auzoan lehiatutako Euskadiko Txapelketako 4. proban. Kategoria guztiak kontuan hartuta, 70 pilotuk parte hartu dute
Ereñoko Motokrosean ez da ezustekorik egon aurten. Ander Valentin nafarrak, elite mailan proba irabazteko hautagai nagusia zenak lortu zuen garaipena, zapatu arratsaldean.Valentinek nahikoa erraz irabazi zuen, hasieran lasterketa lehiatu beharra izan zuen, baina proba aurrera joan ahala nagusitzen joan zen. Hain zuzen, bera izan zen bi txandetan azkarrena. Francesc Mataro eta Nil Bussot katalanek osatu zuten podiuma, eta Joan Cros katalana sailkatu zen laugarren.
Kategoriak
Elitekoekin batera, (MX1 eta MX2) umeen (75 eta 85 zk), 18 urtez azpikoen eta klasikoen modalitateak lehiatu zituzten. Guztira 70 pilotuk parte hartu zuten.
18 urtez azpikoetan, Diego Torrijo huescarra izan zen onena. «Unai Gerrikaetxebarria gernikarrak lasterketa polita egin, eta laugarren amaitu zuen» azaldu dute antolatzaileek.
Klasikoen modalitatean, berriz, Juan Jose Hernandezek lortu zituen puntu gehien, eta Ander Aldana gernikarra bigarren sailkatu zen, irabazlearengandik hamar puntura.
Umeen MX65 kategorian, Iker Diez nagusitu zen, eta MX85-150 kategorian, Asier Urkiola.
Jende asko bildu zen Ereñoko Gabika auzoan, eta Gernika Off Roadeko arduradunen berbetan, proba ondo joan zen, eta «lasterketa zarratuak» izan ziren. Ikuskizun ederra eskaini zuten, motozaleen gozamenerako. Ondorioz, ikusleak zein antolatzaileak pozik geratu ziren.
Hala ere, susto txiki bat izan zuten, eta, ondorioz, eliteko proba apur bat laburtu behar izan zuten. Hain zuzen, bigarren txanda amaitzeko bost bat minutu falta zirenean, Iker Arriola santurtziarra erori eta konorte barik geratu zen. «Anbulantzian eroan behar izan zuten, eta behaketan eduki zuten, baina, zorionez, ez zen ezer larririk izan».
Hurrengo probak
Euskadiko Txapelketaren laugarren proba izan da Ereñokoa. Hurrengoa Nafarroako Faltzes herrian lehiatuko dute zapatuan (irailak 29). Burgoseko Quintana Maria herrian izango da txapelketaren azkenengo proba, azaroaren 4an.