Udazkenarekin batera martxan da berriro ere Emakume Master Cup txapelketako
Lau eta Erdiko lehiaketa. Antolakuntzak txapelketa berrian parte hartzeko izen emotea zabaldu du, eta pilotariek
urriaren 7ra arte edukiko dute
Emakume Master Cuparen webgunean izena emateko aukera. Diotenez, oraindik ere buruz buruko lehiaketetan izen ematea gehiago kostatzen den arren arren, antolatzaileek iazko erantzun antzekoa izatea espero dute, iaz 80 parte hartzaile egon ziren.
Izen emotea zabaltzeagaz batera orain arteko Emakume Master Cup txapelketetan puntan ibili diren pilotari batzuen parte hartzea baieztatu dute, orain arteko Master Cup guztietan txapeldun izan den
Leire Etxaniz pilotari etxebarritarrarena besteak beste. Lehen mailan ariko da berriz ere Etxaniz. Etxebarritarraren ustez, Emakume Master Cupak bultzada handia eman dio emakumeen pilotari. “Udara begira ere partidu asko atera dira eta denok gaudela uste dut, txapelketa hau hasteko desiatzen”. Entrenatzen ere hasiak daudela aitatu du Etxanizek, lehia berriari begira.

Emakume Master Cup txapelketako Lau eta Erdiko lehiaketaren aurkezpena. Argazkia: Emakume Master Cup
Aurreko urteetan bezala,
bi mailatan jokatuko da Master Cup txapelketa, Lehen mailan eta Promoziokoan. Iazko finalek Sopelan izandako arrakastak bultzatuta, bigarren txapelketakoak Gipuzkoan jokatzea erabaki dute, “Azkoitia bezalako pilota tradizio handiko herri batean”. Finalerdiak, berriz, Amezketako Larrunarri pilotalekuan jokatuko dituzte eta bi jaialdi hauek ETB-1k zuzenean emango dituela aurreratu dute. “Sailkatze fasea, berriz, oraindik zehazteke dauden Bizkaiko zenbait herritan jokatuko da”.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, pilotari bakoitzak erabakiko du zein mailetan jokatu, baina izen ematearen jarraipen bat egingo dute, “lehiaketak ahalik eta orekatuenak izan daitezen”.
Urriaren 20an hasiko da norgehiagoka. Guztira, zazpi jardunaldi izango dira eta datak zehazteko badaude ere, finalaurrekoak eta finala abenduaren lehen hamabostaldian jokatuko direla aitatu dute antolatzaileek.