Markina-Xemeingo BTT Martxa egingo da domekan [irailak 30], Arretxinagan. San Migel eguna zapatuan denez, domeka goizera aldatu dute proba. Iaz bezala,
hiru ibilbide egongo dira aukeran, adin guztietako txirrinduzaleek parte hartu ahal izateko.
40 kilometroko ibilbide luzea eta
26 kilometroko ertaina egongo dira, alde batetik, eta gazte eta txikienei zuzendutako
4 edo 6 kilometroko ibilbide motza, bestetik. Arretxinagako plazatik irtengo dute guztiek; ibilbide luze eta ertaina egingo dutenak
09:00etan dute irteera ordua, ibilbide motzeko parte hartzaileentzat, berriz,
11:00etan izango da hasiera.

Arretxinagako BTT martxa, Lea ibilbidetik, Aulesti parean.
Aurten Santa Eufemi partera joango dira ibilbide luze zein ertaineko parte hartzaileak. Lehenengo pedalkadak Ziortza-Bolibar eta Santa Eufemiti inguruetan zehar emango dituzte, eta Markina-Xemeinera itzuliko dira ibilbide ertaineko parte hartzaileen ibilbidea amaitzeko. Luzeko parte hartzaileek, berriz, aurrera jarraitu eta beste 12 bat kilometrotako buelta egingo dute Akarregi partetik.
Barroetako zirkuitua. Barroeta inguruetan mendi bizikletan ibiltzeko zirkuitua prestatu dute. Kirolgunean kokatuko da zirkuitu berria, udalaren lurretan. Antzinako bide zahar bat berreskuratu dute Barroeta dorrearen ostetik Oxilaingo burdinolara zihoana, eta dorrearen bueltan, ortuetatik eta futbol zelaiaren bueltan luzatzen da zirkuitua.

BTT Martxa herrikoia, Markina-Xemeingo Arretxinagan
Zirkuitu horretan zehar bi buelta emango dituzte ibilbide motzeko parte hartzaileek, «denek zirkuitu berria ezagutu ahal izateko», azaldu dute antolatzaileek. Gero, txikienak Arretxinagan geratuko dira eta nagusiagoekin beste bi kilometroko bueltatxoa emango dute beste zonalde batetik zehar. «Barroetako zirkuitua 5 edo 6 urtetik aurrerakoek ere egin ahal dute» azaldu dute antolatzaileek, txirrindulari txiki, gazte eta nagusiak parte hartzera animatuz.
Izen ematea. Markina-Xemeingo BTT Martxa luze, ertain edo motzean parte hartu nahi dutenek izena bertan egunean eman behar dute aurten, Arretxinagan. Probak hasi baino ordu bete aurretik egongo dira prest izena emateko mahaiak. Ibilbide luze edo ertainean parte hartzen duten federatuek 8 euro ordaindu beharko dituzte eta ez federatuek 10 euro.
HONEKIN LOTUTA: Arretxinagako San Migel jaiak aldaketekin, baina betiko izaeragaz